Agintaldi erdira arte egindako lana ontzat jo du EH Bilduren Gobernu Taldeak. Gaurko prentsa agerraldian azpimarratu dutenez, agintaldiko planean aurreikusitako neurrien bi herenak martxan daude edo bete dira dagoeneko. Agintaldi plana bost "ardatz estrategikoren" bueltan antolatu zuten hasieratik: arnasguneak, komertzioa eta alde zaharra, euskara, zaintza eta bakardadea, eta etxebizitza. Arlo horietan guztietan "erritmo egonkor eta orekatuan" ari dira helburuak garatzen, eta, horri esker, "gobernu jardunaren koherentzia eta sendotasuna" azpimarratu dituzte.
"Lan dinamika baikorra" dute
Gaineratu dutenez, azken bi urteotan "egonkortasun instituzionala eta lan dinamika baikorra" mantentzea lortu dute, eta horrek ahalbidetu du proiektuak aurrera ateratzea eta "erritmo sendoan" jarraitzea. "Dena ez da erraza izan. Testuinguru ekonomikoak, finantza arauek, eta eguneroko kudeaketaren zailtasunek ere eragina izan dute gure jardunean. Baina bergararrekiko hartu genuen konpromisoari eutsiz, etengabeko ahalegina egin dugu Bergarako beharrei eta eskaerei erantzuteko", gehitu du Artolak.
Plana "gauzatzen" ari dira, diotenez, "egonkortasunari eta lan dinamika baikorrari" esker
Barrenkalea, "martxa oso onean"
Proiektu zehatzei dagokienez, Barrenkalea berritzeko lanak izan zituzten hizpide, besteak beste. Artolaren arabera, "oso martxa onean" doaz lanak: "Datorren astean Irizar jauregiko bidegurutzea gainditu eta Barrenkalean hasiko dira lanak. Ondoren etorriko dira plaza berriro urbanizatzeko lanak; exekuzioa udazkenean esleitzen badugu, 2025 bukaeran edo 2026 hasieran hasiko lirateke obrak. Espero dugu obra horiek guztiek alde zaharraren biziberritzean eragin positiboa izatea". Barrenkalea eta plaza berritu ostean, Bidekurutzetaren txanda izango litzateke, eta, Gobernu Taldeak azaldu duenez, proiektuaren idazketa enkargatuta dago.
Arrizuriaga, "2026an zabalik"
Agintaldi honetako beste proiektu esanguratsuenetako bat Arrizuriagakoa da; kultura eragileendako gunea izateaz gain, emakumeen etxea ere bertan joango da. "Obra 2026 hasieran amaituta egotea espero dugu; gero, tarte bat beharko da barrukoa hornitzeko eta bestelako lan batzuetarako, baina espero dugu 2026an zehar Arrizuriaga fisikoki prest egotea. Bestetik, kultura-gunea eta emakumeen etxea izango direnak zehazteko prozesuak oso harrera ona ari dira izaten; uste dugu bertan sor daitezkeen espazioak eta egiteko moduak oso politak eta emankorrak izan daitezkeela. Eraikina prest egoteaz bat bi prozesu horiek amaituta izatea espero dugu, hasieratik eraikin bizia izan dadin, zentzu guztietan".
Zaintza arloan, "lanketa sakona"
Zaintza arloan "lanketa sakona" egiten ari direla dio Gobernu Taldeak. "Zaintza, bakardadea eta ongizate emozionala erdigunean" jarri nahi dituzte, eta, besteak beste, etxez etxeko zerbitzua egokitzen ari dira, Matia fundazioarekin batera: "Eredu berria definitzen ari gara, ongizate emozionala zaintzaren oinarrizko osagai gisa txertatuz". Etxez etxeko zerbitzuaren kontratua urtebetez luzatzea adostu zuen udalbatzak, baina EH Bilduk zerbitzua ahalik eta gehien osatu gura du. Era berean, "zaintza ekosistemaren" barruan kokatzen dituzte, besteak beste, indarkeria matxistaren prebentziorako eta erantzunerako protokolo berria, Adinekoen Kontseilua, emakume migratuendako kirol programak, nerabeen ongizate emozionalerako lanketa eta babesgune klimatikoen proiektua.
Euskararen normalizazioa, "lehentasunezkoa"
Bestalde, euskararen normalizazioa eta sustapena "lehentasunezko" ardatza izaten "jarraitzen" duela diote: Euskararen Plan Estrategikoa martxan dago eta hainbat ekintza garatzen hasi dira; Harixa programa indartu eta zabaltzen ari dira; euskararen aktibaziorako sarea eta Euskaraldia uztartuta aurrerapausoak ematen ari dira; kirol elkarteekin helburuak definitzen ari dira euskara sustatzeko, eta BKErekin jada lehen akordioak lortu dira. Bestalde, diotenez, mundu digitalean euskararen presentzia indartzeko aukerak aztertzen ari da Udala, eduki euskaldunetara sarbidea errazteko. Eta, ahozkotasunari begira, haurren erabileran jarriko dute arreta euskararen arnasgune bat direlako.