Urtero legez, Kirol Argazki Lehiaketa ospatu da Bergaran eta ekainak 13 bete dituen ostiral honetan, hogeitahirugarren edizioaren sari banaketa ekitaldia ospatu da Aroztegi Aretoan.
Lehiaketa Arizondo Argazki Elkarteak antolatzen du eta aurten espero baino partaidetza handiagoa izan dutela aitortu dute: zuri-beltzean 80 argazki inguru eta kolorean 90 inguru jaso dituzte. Maila handiko lanak aurkeztu direla aipatu nahi izan dute.
Irabazleen artean, debagoiendarrak ere badira. Jose Agustin Gurrutxagak eta Alex Molano bergararrek herriko saria eskuratu dute, lehenengoak zuri-beltzean El vuelo del esquiador argazkiarekin eta bigarrenak kolorean Neure buruarekin bat argazkiarekin. Aritz Gordo arrasatearrak bigarren saria lortu du kolorezko arloan Hodeien gainetik argazkiarekin.
Lehiaketaren sari banaketarekin batera, lehiaketan aurkeztutako argazkiekin osatutako erakusketa ere inauguratu dute eta ekainaren 13tik 29ra egongo da herritarrentzako ikusgai.
Ordutegiak ondorengoak dira:
- Asteartetik ostiralera: 18:00-20:30
- Larunbatetan: 12:00-14:00 eta 18:00-20:30
- Igandeetan: 12:00-14:00