Azken egunotako beroak agerian utzi du ate joka dela uda. Eta beroari aurre egiteko debagoiendarrak hasi dira igerilekuei, ur parkeei eta putzuei begira. Horietako azpiegitura batzuk martxan dira dagoeneko; adibidez, Bergarako Agorrosin kiroldegiko kanpoko igerilekuak atzo ireki zituzten. Irailaren 7ra arte egongo dira zabalik, egunero, 10:00etatik 20:30ak arte. Atzo lainotuta egon arren bero handia egin zuen eta bergarar batzuk hurbildu ziren igerilekuetara. Udaletik dei egin diete herritarrei igerilekuak erabil ditzaten, betiere, elkarbizitza arauak beteta.
Agorrosingo igerilekuetan edukiera arazoak izan ohi dira egun beroenetan eta kirol zinegotziak gogora ekarri du soroslearen aginduak bete behar direla segurtasunaren izenean. Ekipamenduei dagokienez, nobedadea da Agorrosinen berdegunerako sarreran pergola bat jarri dutela itzaletan egon, jan edota edateko.
Bestalde, hirugarren uda biziko dute atzo bertan martxan jarri ziren Labegaraietako ur txorrotek; auzoko gaztetxoek gozatu ederra hartu zuten uretan jolasten. Hasiera baten irailaren 7ra arte egongo dira martxan txorrotak, 10:00etatik 21:00etara, baina luzatzeko aukera egongo da.
Debagoieneko egoera
Antzuolan ere atzo jarri zuten martxan umeendako ur parkea; arazo tekniko batzuen ondorioz arriskuan egon zen irekiera atzeratzeko baina arazoak konpondu eta aurreikusitako egunean zabaldu zuten. Bestalde, Arrasateko Musakolako kiroldegiko igerilekuak eta herriko bi ur parkeak ekainaren 20an irekiko dituzte eta irailaren 14ra arte egongo dira erabilgarri. Oñatin udako kanpaina zapatu honetan, hilak 14, abiatuko dute eta irailaren 14ra arte luzatuko da; tarte horretan izango du soroslea Usakok eta egongo dira martxan Eltzia aurrealdeko ur txorrotak. Zubikoa kiroldegiko berdegunea eta solariuma, berriz, gaur ireki dute.