2015 urtetik ari dira Bergarako ikastetxean emakumeak industriara gerturatzeko helburuarekin ekimenak burutzen, eta egindako lana ari da fruituak ematen: 2024-2025 ikasturtean ZTIM arloetako ikasketak (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) egiten ari diren emakumeen kopurua ikasleen %20 da: inoizko altuena ez ezik, erkidegoko batez bestekoaren (%13) gainetik dagoena. Eta fabrikazio mekanikoko zikloko ikasketetan kopurua %26ra ailegatzen da, EAEko batez bestekoa gaindituz kasu horretan ere.
Ikasleen profila
Emakume horien erdia baino gehiago (%51) aurrez beste sektore batzuetan izandako lan esperientzietatik datoz, %30 langabezian zegoen, eta %19 da prestakuntza mota hori betidanik jaso nahi izan duena. Datu horiek erakusten dute asko ez direla sartzen ziklo teknologikoetan bokazio goiztiarragatik, birmoldaketa profesionalerako aukera estrategiko moduan ikusten dutelako baizik: ikasleek euren egoera profesionala eta ekonomikoa hobetzeko bidea ikusten dute ikasketa horietan, eta teknologia sektoreko lan irteerekiko duten pertzepzio positiboaren erakusle da hori. Badira, ordea, tradizionalki maskulinizatutako ziklo bat gizartea aldatzeko nahiak bultzatuta aukeratu dutenak ere; alegia, ahalduntzearen eta estereotipoak gainditzearen dimentsioa aintzat hartu dutenak.
Gogobetetasun maila altua
Ikasle emakumezkoen %90 pozik dago hartutako erabakiarekin, berriro hartuko luke edo beste emakume batzuei gomendatuko lieke.
Ordezkaritza zabala
Horiek guztiak kontuan izanik egin dute goizeko errekonozimendu-ekitaldia: emakume horiei aitortza egin eta eskerrak emateko. Bertan izan dira Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendaria; Inge Gorostiaga, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria; Gorka Artola eta Ainhoa Lete, Bergarako alkatea eta Udaleko Berdintasun zinegotzia, hurrenez hurren; Carla Añon, Enpresareko zuzendari exekutiboa; edota Joxu Arana, Miguel Altunako zuzendaria.
Emakume protagonistak zoriondu dituzte, ausartak eta erreferenteak izateagatik; eta bidelagun izango dituztela adierazi diete.
Diploma banaketarekin eta talde argazkiarekin borobildu dute hitzordua.