Kote Camacho komikigileak 'Txillardegi eta Monzon Bergaran' komikia aurkeztu du Olaso Dorrean

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko eka. 4a, 15:39

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak beka irabazi zuen Bergaran 2023an Kote Camacho komikigile oiartzuarrak, eta atzo aurkeztu zuen bekarekin ondu zuen Txillardegi eta Monzon Bergaran komikia Olaso Dorrean. Ekiñe Atorrasagasti kazetariaren gidaritzapean, eman zituen lanari buruzko xehetasunak Camachok.

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi XX. mendeko euskal pertsonaiarik ezagunenetakoa izan zen eta komikiaren bitartez haren nortasuna eta izaera islatu du Camachok. Proiektua Txillardegi-ren gaztaroan kokatzea zen asmoa, eta baldintzetako bat Bergaran kokatzea zenez, hasieran, buruhauste bat edo beste eman zion. Azkenean, duela bi urte Bergaran egin zuen hiru asteko egonaldian, Txillardegi eta Bergararen arteko lotura aurkitu zuen: Txillardegi eta Monzonen arteko gutun trukaketa; eta hain zuzen ere, Olaso Dorrean gordetzen dira gutun originalak.

Hortik abiatuta euskara batuaren alde egin zen lan klandestinoa kontatzen duela dio egileak: "Txillardegi-ren gaztaroa kontatu nahi nuen. Zentratzeko interesgarria interesatzen zait. Azkenean, euskara batuan izan zuen paper erabakigarria eta batez ere zen garai batean kontatu nahi nuen eta belaunaldi bat. Bergarara egokitzeak bere haurtzaro-gaztaroa kontatu beharrean egin behar izan nuen aitzakia bilatu. Topatu genuen Monzonen harremana gutunetan, eta Euskaltzaindiaren biltzarrak, Baionakoa eta Bergarakoa geratu dira beti itzalean".

Bergarako egonaldia

Bergaran pasa zituen aste haietan, besteak beste, Olaso Dorrea Fundazioarekin, Juan Martin Elexpururekin edota Mikel Zubimendirekin egon zen hartu emanetan, eta haiekin izandako elkarrizketekin lortu zuen informazioa. Gero, horri forma emateko lana izan zuen, besteak beste, orri kopuru batera mugatu behar izan baitzuen. Dena den, gustura agertu da emaitzarekin: "Kostatu zitzaidan bastante komikia erabakitzea gidoia zer jarri eta zer kendu, batez ere zer kendu, ezta orain emaitza, komikiaren bigarren edizioa egin da, eta bigarren edizioaren ez dakit zenbatgarren tirada, eta hemen oso interesgarria gaurko eguna".

Egilearen esanetan "nahiko zama" handiko pertsonaiak marrazteko eta haien historia kontatzeko ardura izan du. Horretarako, hainbat geruzatan banatu du lana. Koloreei ere aparteko garrantzia eman die, esanahia. Azalean eta barruko orrietan nabari da hori; urre kolorearen eta gris antzekoaren zama. Urrea altxorra, euskara, nabarmentzeko; grisa, berriz, erdera. Aipatzekoa da, Kote Camachoren nahia aspaldidanik, Txillardegiri buruzko film luzea egitea dela asmoa, eta azaldu duenez, komikiak lagundu diezaioke horretan.

Aurkezpenean, bertaratutakoek Txillardegiren bueltako galderak eta ekarpenak egiteko aukera izan zuten, baita komikiari buruzko iritziak emateko ere. Duda barik, Bergarako txoko ezberdinak ikus daitezke komikian, baita aurpegi ezagunak ere, eta bateren batek edo bestek identifikatu zuen bere burua. Horiek bertatik bertara ikusteko, ordea, komikia eskuratu besterik ez dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak