Euri tantak erortzen hasi dira San Antonio saria hastear zela, eta horrek askoren estrategia baldintzatuko zuen, ziur. "Hasierako igoeran guztia ematea eta jaitsierarako indarrak gordetzea" izan da irabazleek jarraitu duten estrategia, eta ondo atera zaie. Aurtengo edizioan Gipuzkoako txapelketa ez ezik, Euskadiko txapelketa ere jokatzeak parte hartu duten txirrindularien maila "altua" izatea eragin du, eta hortaz, aurreneko postuengatik borrokan aritzeko aukerak zituztenek hortzak estutu behar izan dituzte podiumera igotzeko.
Odriozola protagonista
ZUK Limousin taldeko Naxara Odriozola izan da arratsaldeko protagonista nagusia; izan ere, Gipuzkoako txapelketako lehenengo postua eskuratzeaz gain, Euskadiko txapelketako onena ere izan da. Iazko erlojupekoko "arantza" kendu du Odriozolak –bigarren gelditu zen, Ane Zubeldiaren atzetik– txapela irabazita. Aurtengo edizioan, "gogo guztiekin" atera da erlojupekoetan "nahiko ondo" moldatzen dela jakinda, eta "goranzkoa gogorra izan den arren", lasterketa "oso gustura" bukatu duela onartu du ZUK Limousineko txirrindulariak.
Ieltxu Santana izan da, gizonezkoen kategorian, Euskadiko txapelketako lehenengo postua eskuratu duena. Invitec Iturribero taldekoak onartu du "nahiko urduri" egon dela lasterketa hasi aurretik; izan ere, entrenamendu batean "eroriko bat" izateak eta azken egunak "gaizki" igaro izanak eragin dute lasterketa "itxaropen askorik gabe" hastea. Hala ere, lasterketan "sentsazio onekin" egon da Santana, eta, "helburua lortuta", gustura amaitu du eguna txirrindulariak.
Honako hauek izan dira erlojupekoko sailkapenak:
Euskadiko emakumezkoen txapelketa
- Naxara Odriozola (ZUK Limousin)
- Noa Vega (Baque)
- Maixa Odriozola (ZUK Limousin)
Euskadiko gizonezkoen txapelketa
- Ieltxu Santana (Invitec Iturribero)
- Aimar Ugarteburu (Zatika)
- Xabat Martin (Andoain)
Gipuzkoako emakumezkoen txapelketa
- Naxara Odriozola (ZUK Limousin)
- Maixa Odriozola (ZUK Limousin)
- Katixa Nabarro (ZUK Limousin)
Gipuzkoako gizonezkoen txapelketa
- Aimar Ugarteburu (Zatika)
- Xabat Martin (Andoain)
- Santiago Roa (Iruki)
Lokatza taldeko txirrindulari onenak
- Izaro Ezpeleta
- Unai Mondragon
Antolatzaileak pozik
Lasterketaren 88. edizioa izan da gaurkoa, eta "balorazio oso ona" egin du antolakuntzako kide Xabier Uribesalgok. Euskadiko txapelketa estreinakoz jokatu da San Antonio proban, eta datozen urteetan ere hala izango dela aurreikusten du Uribesalgok: "Eskatu ziguten Euskadiko txapelketa egiteko, eta nik uste dut erreferentziazko lasterketa moduan geldituko dela". Gainera, datorren urtean Lokatza Ziklismo Kirol Elkartearen 50. urteurrena izango da, eta horrek "are bereziagoa" egingo du proba Uribesalgok dioenez.