Itzultzaileak Filologia ikasketak egiten ari zenean irakurri zuen, hain zuzen ere, eleberria: 1933an idatzitako Orwellen autobiografia bat da, eta hark bizi izan zituen zoritxar eta desgraziak kontatzen ditu. Berentzat zentzu berezia duela dio: "Orwell zerbait baldin bada giza-arima da, muinera doan idazle klasiko bat. Antologia guztietan dago, ez da bakarrik idazle konprometitua eta narratiba sozialean izen handikoa, literatura mailan ere oso ona baita".
Duela urte asko hasi zen eleberria euskarara itzultzen, eta behin erretiroa hartuta denbora gehiago izan zuen horretarako. Hala ere, prozesua ez da erraza izan: "Poliki-poliki, mantso-mantso, gaur bai, bihar ez, etzi batek daki... Horrela joan nintzen itzultzen, baina jubilatutakoan, bai: orduan beste bultzada bat eman nion, denbora gehiago dedikatuz".
Izan ere, Orwellen idazkera apaindura gutxikoa eta kaleko hizkeran oso oinarritua dagoela kontuan hartuta, euskarazko bertsioan zukarekin batera hitanoa ere erabiltzeko hautua egin du Santxitz-Muxikak: "Jatorri askotariko pertsonaiak daude: asiarrak, irlandarrak, frantsesak, errusiarrak... orduan, tira, nolabait bereiztearren, batzuei beste hitano mota bat jarri diet".
Hala, itzultzailea gustura dago egindako lanarekin eta jasotako erantzunarekin: "Inportanteena da niretako, eta entzun dudan goraipamenik onena izan da errez irakurtzen dela".
Liburuaren aurkezpena Goienak eta Jardun Euskara Elkarteak elkarlanean antolatutako ekitaldia izan da eta irakurzaletasuna sustatzea eta eta sortzaileei ikusgarritasuna ematea dituzte helburu, Monika Belastegiren, Goienako lehendakariaren, hitzetan: "Hau hirugarrena da, Bergaran egiten dugun bigarrena, eta gure asmoa honetan jarraitzea da: aurrera begira ere Debagoienean euskaraz sortzen duten idazleekin harremanetan jartzea, eta nahi izanez gero eurek behintzat, horrelako aurkezpenak antolatzea".