Palestinarren kontrako "genozidioa" gaitzetsi dute aho batez, "irmoki eta nabardurarik gabe"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko mai. 27a, 12:40

Palestinak bizi duen egoeraren gainean EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako mozioa izan zen eztabaidagai nagusia atzoko osoko bilkuran. Mozioko hamar eskaerak puntuz puntu bozkatu zituzten eta horietako bitan EH Bildu abstenitu egin zen arren, hiru alderdiak bat etorri ziren Palestinaren aurkako Israelen "genozidioa" salatzeko, "irmoki eta nabardurarik gabe". Bestalde, 2030era arteko Kirol Plana aho batez onartu zuen udalbatzak.

EAJk eta alderdi sozialistak aurkeztuta, Palestinako herriak bizi duen egoera salatzeko mozioa ere landu zuten atzoko bilkuran. Israel Gazan egiten ari den "genozidioa eta aurrekaririk gabeko hondamendi humanitarioa irmoki " salatzeko mozioarekin bat egin zuen EH Bilduk, bi puntutan abstenitu arren. 

Hiru alderdien antzeko irakurketa

Honako balorazio hau egin zuen EAJko eledun Mikel Letek: "Israel Gazan eragiten ari den sarraskia irmoki eta gogor salatu nahi dugu, eta hori da azpimarratu beharreko mezua. Mozioa puntuz puntu bozkatzea erabaki dugu; puntu guztiak onartu dira, gehienak aho batez eta bi puntu EH Bilduren abstentzioarekin".

PSE-EEko Alberto Alonsok ere ideia hori nabarmendu zuen: "Mozioaren mezu nagusia argia izan da: ezin dugu isilik jarraitu. Gizarte osoa, Bergaratik, Euskaditik eta Europatik, agerikoa den Palestinako herriaren genozidioaren aurka altxatu egin behar gara. Hori da gaurko ondorio nagusia. Badakizu beti baikorra izatea gustatzen zaidala eta uste dut gaurko mezu argia hori dela: aski da Palestinan gertatzen ari denarekin". 

EH Bilduko Maite Usabiagak ere batasunaren ideia azpimarratu zuen: "Hiru alderdiok orokorrean berdin ulertzen dugu Palestinak bizi duen egoeraren larritasuna. Genozidioa bat da, eta egoera jasanezin hau lehenbailehen bukatu behar da. Su-etena eta laguntza humanitarioaren sarbidea ahalbidetu behar da; hobeto gaur bihar baino".

Maiatzaren 22an San Martin plazan egin zen protesta ekitaldia deitu zuten herritarretako batzuk ere izan ziren atzoko bilkuran eta mozioaren bozketa ostean hitza hartu zutenean azpimarratu zuten genozidioa geratzeko alderdi politikoen batasuna ezinbestekoa dela, ñabardura barik eta irmoki salatzeko Israelen jarrera.

Kirol Plana, aho batez

2030 urtera arteko Jarduera Fisikoa eta Kirolaren arloko Plan Estrategikoa aho batez onartu zuen atzo udalbatzak, herriko jarduera fisikoa eta kirolaren arloko ibilbide orria ezarriko duen dokumentua izango dena. Plana modu parte hartzaile baten osatu dute; 60 lagun inguruk hartu dute parte, udal teknikariak, kirol klubetako ordezkariak, eskola kiroleko arduradunak, Agorrosingo erabiltzaileak eta osasun zentroko profesionalak aintzat hartuta, besteak beste. Planak berritasun ugari dakartza egungo testuinguruari erantzuteko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Laburbilduz, azken helburu argi bat dauka.

EAJ, ibilgailu elektrikoetarako karga-guneen inguruan galdezka

Amaitzeko, galdera eta eskaeren tartean, EAJk EH Bilduri galdetu zion ea ze puntutan dauden ibilgailu elektrikoak kargatu ahal izateko adostutako hiru guneak. Jeltzaleek uste dute karga puntu horiek garrantzitsuak direla trantsizio energetikorako bidean urratsak emateko; EH Bilduk erantzun zuen esanez gaia ondo aztertu eta diru-laguntza deialdi baten erantzuna jaso ostean idatziko dutela proiektua eta horren berri dagokion batzordean emango dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak