Babesgune klimatikoekin egingo diete aurre bero-boladei Bergaran

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko mai. 26a, 16:53

Bergarako Udalak herriko osasun etxearekin eta farmaziekin batera, Babesgune Klimatikoak izeneko ekimena aurkeztu du, eta ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean, alerta laranja eta alerta gorria aktibatzen dituzten egunetan, babesguneak zabalduko dira.

Bergarako Udalak, farmaziek eta osasun-etxeak Babesgune klimatikoak izeneko ekimena aurkeztu dute gaur goizean muturreko bero boladei aurre egiteko. Bergararren ongizatea eta osasuna bermatzeko helburua du planak; bereziki, haurrak, adinekoak eta osasun arazoak dituzten pertsonak.

Babesgune klimatikoak ekainaren 1etik irailaren 30era egongo dira martxan, beroagatik alerta laranja edo gorria aktibatzen denean, eta 10:00etatik 20:00etara zabalduko dira. Zerbitzua doakoa izango da eta ez da aurrez izena ematea beharrezkoa. Zihortza Marzan Bergarako Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldu du, aire librekoak eta eraikinetako babesgunak daudela: "Aire librekoak, parkeak adibidez, beti daude zabalik, baina jendeak jakin behar du zein leku izan daitezkeen freskoak. Babesgune itxietan topatuko dugu tenperatura egoki bat, ur freskoa, aulkiak eta mahaiak lasai egoteko".

Osasun-etxearekin eta farmaziekin elkarlanean

Iaz proba pilotu moduan ere jarri zuten martxan babesgune klimatikoen proiektua, eta Marzanek adierazi du, ez zela inzidentziarik egon, baina ezin izan zutela erabilpen kontrol bat egin. Dena den, susmoa dute "gehiegi ez zirela erabili". Horregatik, komunikazioa indartzeko erabakia hartu dute, eta eskuorriak prestatu dituzte babesguneen maparekin.

Osasun etxeak bere aldetik, babesguneak gomendatuko dituzte eta beroaldi baten aurrean, jarraitu beharreko gomendioak emango dituzte, Bergarako anbulategiko Joserra Bardecik azaldu duenez. Aholkurik garrantzitsuenen artean, hauek aipatu ditu: "Lehena da babesgune batean edo leku fresko batean egotea. Kanpoan bagaude, itzala dagoen lekuetan, eta barruan, leku fresko batean. Nahikoa ur egotea eta aire girotua egoten bada, hobeto guztiendako". Gogorarazi du, beroarekin "ondorio txikiak" sor daitezkeela, sinkope eta mareoak, adibidez, baina kasu batzuetan, bero-kolpe bat sufritu daitekeela, edota "zoritzarrez, hiltzea".

Hala, zabalkundean lagunduko dute baita ere anbulategiak eta herriko farmaziek. Izaro Oyarbide da herriko farmazialarietako bat eta hark adieazi du parte hartu behar dutela osasun prozesu guztietan: "Guk lehendabizi, egingo duguna da programaren difusioa, eta jendeari emango dizkiogu eskuorriak". Bestalde, "larrialdi puntu" bihurtuko dira: "Bero kolpe baten aurrean norbait gaizki sentitzen bada, botikan egingo duguna izango da esertzeko aukera eman, ura eman, eta tentsioa hartu, beharbada. Ondoren, erabakiko dugu atseden horrekin nahikoa den eta bestela, jarriko gara osasun zentroarekin harremanetan hara deribatzeko". Aholkuak emateko ere aprobetxatuko dute.

Hitzaldiak datozen egunetan

Osasun zentroarekin elkarlanean bi hitzaldi antolatu dira —bat profesionalentzat eta bestea herritarrentzat—. Herritarrei zuzendutakoa, ekainaren 4an izango da, 18:30ean San Joxepen. Ekainaren 12an, Bergara Oinez ibilaldia babesgune klimatikoen zehar egingo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak