Ekainaren 6an Bitorianatxoren jaitsierarekin hasiko dira Pentekoste Jaiak Bergaran, eta bost egunez iraungo du festak. Gaur goizean aurkeztu dute egitarau osoa. Eskaintza zabala dute aurtengo jaiek ere, eta antolatzaileek azaldu dute 160.000 euroko inbertsioa egin dutela; iaz baino 15.000 euro gehiagokoa. Gainera, azpimarratu dute hainbat haurrek interesa erakutsi dutela jai-batzordean parte hartzeko, eta taldera batu direla.
Bitorianatxoren jaitsieran balkoian izango da Bergarako Erraldoi Taldea txupinazoa botatzeko. Konpartsako kide Eneko Iturrospek adierazi du "ohorea" dela taldearendako txupinazoa botatzea, baita Xaxauk omendutako eragilea izatea ere : "Pozez hartu dugu berria. Guretzat ohorea da jaiei hasiera ematea". Aurten 25 urte betetzen dituztenez Pentekosteetarako asteburu berezia prestatu dute. Kataluniatik etorritako bi konparta izango dituzte gonbidatu zapatuan eta denera 45 erraldoi inguru elkartuko dira hiru taldeen artean. Domekan, Xaxauk antolatuta, Erraldoi Eguna ospatuko dute.
Hainbat berritasun egitarauan
Ekainaren 7an egingo dute 31. Bakailao Lehiaketa. Orain arte, gastronomia elkarteek hartzen zuten parte, baina aurten herritar guztiei zabaldutako hitzordua izango da. Guztira 12 bikotek hartu ahal izango dute parte "plazaren edukieragatik" eta izena eman beharko da Internet bidez bihartik aurrera. 12 talde baino gehiagok ematen badute izena, izen-ematearen ordena hartuko da kontuan.
Halaber, zapatu eta domekan, 16:30etik 20:00era bitartean Ihesgela Mitologikoa zabalduko dute 8 eta 12 urte bitarteko haurrendako Azokako Ludotekan. Plaza mugatuak dira, eta izena eman beharko da bihartik aurrera.
Bestalde, Bitorianatxoren jaitsieraren ostean, auzolanean egiten den haur eta gurasoendako afaria paellada izango da, parrilladaren ordez.
Izen-emateari dagokionez, Mokoloblok IV. Kale Blok Topaketan ere izena eman beharko da.
Kontzertuak, herri-kirolak eta barrakak
Berritasuna ez, baina ikusmin handia izaten duten hitzorduak izaten dira kontzertuenak. Aurten, egubakoitzean, Kokein taldeak girotuko du plaza eta zapatuan, berriz, Tremenda Jauriak. Hala, Benta Zaharreko Mutiko Alaien txanda izango da domekan, baina emanaldi ibiltaria izango da. Martitzenean, berriz, ohiturari eutsiz, Puro Relajo arduratuko da Bitorianatxo igo aurreko orduetan emanaldia eskaintzeaz.
Martitzenean, herri kirolen erakustaldia emango dute, 12:00etan, plazan eta bitxikeria modura, Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolariak han izango da aizkora batekin ibilgailu bat mozten.
Barrakei dagokienez, iazko formula mantenduko dute eta haurren eguna izendatu dituzte astelehen goiza eta eguaztena. Modu horretan, itzulia 2,50 euro ordaindu beharrean, 1,50 euro izango da.
Frontenis txapelketa eta baltsen jaitsiera
Xaxauren egitarauaren barruan, nobedadea da une honetan jokatzen ari diren Frontenis Txapelketa. Finaleko partiduak ekainaren 6an jokatuko dituzte Bitorianatxoren jaitsieraren aurretik, Boluko frontoian. "Herritarren ideia batetik etorri zen frontenis txapelketa antolatzearen kontua. 100 pertsona inguruk eman dute izena guztira", azaldu du Xaxauko kide Andoni Etxezarretan.
Iazkoari jarraituz, berriro egingo dute baltsa jaitsiera: "Iaz herritarren eta parte-hartzaileen partetik harrera ona sortu zuen, ikusmira handia sortuz. Aurten ere 21 taldek eman dute izena eta oso gustura gaude. Ea eguraldiak laguntzen duen".
Bitorianatxoren komikiaren aurkezpena
Bitorianatxo jaitsi aurretik, 18:00etan, Bitorianatxoren komikia aurkeztuko dute. Iazko Koldo Eleizalde Lehiaketako irabazlea izan zen Maite Txintxurreta Agirregabiriak egindako komikiaren aurkeztuko dute. Bergarako Udaleko kultura teknikari Zaloa Bernalek adierazi du polita iruditzen zaiela Txintxurretak egindako lanaz ere herritarrek disfrutatzea. Horretarako, komikia dimentsio handian jarriko dute plaza ondoko lokal bateko erakusleihoetan.