HEMEN DEBAGOIENA

'Bolu-errota' erakusketa, sasoi baten erakusle

Eneko Azkarate Laspiur 2025ko mai. 15a, 15:30

Gipuzkoako Erroten Egunaren baitan, Debagoienean hainbat ekimen antolatu dituzte. Bergaran, batetik, Bolu-errota erakusketa ikusgai dago domekara arte, hilaren 18ra arte. Garai bateko errotak, boluak, errekak… eta haien funtzioak azaltzen dira.

Erakusketan, maketak, tresnak, artelanak, argazkiak eta ikus-entzunezkoa daude ikusgai, hainbat informazio panelekin batera. Euskaraz eta gaztelaniaz eskainita, herriko erroten historia erakutsiko du, astearte eta ostiral bitartean 18:00etatik 20:30era irekita. Larunbatetan (12:00–14:00 / 18:00–20:30) eta igandeetan (12:00–14:00) ere zabalik egongo da. Inaugurazioa maiatzaren 10ean, 12:00etan, egingo da.

Errotara bisita

Bestetik, Erroten Egunaren barruan, maiatzaren 18an, San Juan auzoko Elortza-Bolu errotara bisita gidatua antolatu da, 12:00etan. Plaza mugatuak dira eta jarduera dohainik izango da. Parte hartzeko interesa dutenek aurrez izena eman beharko dute webgunean, www.bergara.eus, edo 943 77 91 59 telefono zenbakira deituta.

Hainbat mendetan zehar, Merkataritzaren Eskualdeko Gunea izan zen Bergara; astero egiten ziren azokak, eta horietan jartzen ziren salgai zeuden produktuen neurriak eta prezioak.

Esandakoaren erakusgarri dira udaletxeko fatxadaren hainbat lekutan ikus daitezkeen neurriak, eraikinaren aurrealdeko harrian landuta daudenak. Produktu nabarmenen artean, aipatzekoa da zerealen irina, errotetan eskuratzen zena. 40 errota-instalazio izan dira Bergaran, ibai nagusian eta haren ibaiadarretan banatuta; errota horiek landa inguruneko ekonomiaren eta, oro har, Bergarako gizartearen motorretako bat izan ziren.

Ekimen hau Bergarako Udala, Yurrita elkartea eta ACEM (Molinoen Azterketa eta Kontserbaziorako Elkartea) erakundeen arteko lankidetzaren emaitza da, ondarearen transmisioa eta balioan jartzea helburu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak