Ezkaratzean saioa Goiena Komunikazio Taldearen eta Bergarako Elikaenearen artean otsailean sinatutako hitzarmenari esker jarri da martxan. Bi eragileek norabideak batu dituzte proiektu hau aurrera eramateko, eta elkarlanaren emaitza zuzenean ikusiko da pantailan. Goiena Komunikazio Taldeko presidente Monika Belastegik adierazi du komunikabideek komunitatearen garapenarekiko duten konpromisoa islatu nahi dutela saio honen bidez, eta nabarmendu du hedabideek horrelako proiektuen euskarri eta erakusleiho izan behar dutela.
Proiektuak oinarritzat hartzen du kontsumitzaile eta ekoizleen artean zubi-lana egitea, eta horretan bat egiten dute Goiena Komunikazio Taldeak, zero kilometroko hedabidea den aldetik, eta Elikaenea egitasmoak, Bergarako Oxirondo azoka gaurkotzeko lanean dabilen heinean. Ainhoa Narbaiza, Ereindajaneko langilea eta Elikaenearen komunikazio arduradunak, nabarmendu duenez, elkarlan honek elikadura jasangarriaren aldeko urrats garrantzitsua suposatzen du.
Anne Otegik gidatuko du saioa, eta Elikaeneako sukaldea grabazio-set bihurtuta, 10 atal izango ditu. Bertan, errezeta ezberdinak aurkeztuko ditu, betiere tokiko eta sasoiko osagaiekin eginda. Errezetetan erabiliko diren elikagaien xehetasunak azalduko dira, baita horien inguruko osasun-arazoekin edo landaketarekin lotutako informazioa ere.
Saio bakoitzean, Otegik elkarrizketa bat egingo dio gonbidatu bati, sukaldatze-prozesuarekin batera. Gonbidatu horiek guztiak Debagoienekoak izango dira, eta guztiek elikadurarekin nolabaiteko lotura izango dute: ekoizleak, artzainak, okinak, nutrizionistak, kirolariak edota beste sukaldari batzuk. Helburua da, solaskideen proiektuak gertuagotik ezagutzeaz gain, bestelako gaiak ere lantzea.
Ezkaratzean telebista saioa maiatzean hasi eta uztailera bitartean emitituko da, asteartero, Goiena Telebistan. Saioa emititu ondoren, ikusgai egongo da www.goiena.eus webgunean ere.