Barrenkalea berritzeko lanak martxa onean doaz

Imanol Beloki Unamuno 2025ko api. 25a, 12:43

Bergarako Barrenkale kalea berrurbanizatzeko lanak martxoan hasi zituzten, lehenengo zulaketekin, eta lan guztiak urte bukaerarako amaituta izatea aurreikusten dute.

Zubieder enpresari esleitu zion Udalak obra, 1.447.383 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne). Hain zuzen ere, herrian hainbat obra esanguratsu egin dituen enpresa da Zubieder; tartean, Zubieta eta Masterreka kaleak berritzea. Hala, dagoeneko hasi dituzte bi fasetan gauzatuko dituzten lanak. Lehen fasean, Egino Mallea plazatik Arrese kantoira artekoa izango da.

Lehenengo fasea martxan da martxotik

"Legegintzaldi planean jasota genuen alde zaharra eta komertzioa biziberritzeko hainbat neurri eta obra honek ildo estrategiko horri erantzuten dio. Lehenengo egunean gora-bera bat izan genuen, baina, hori konponduta, lehenengo fasea, hau da Arrese kantoira artekoa bukatuta egotea aurreikusten dugu. Bigarren fasean sartuko ginen gero, eta hainbat hilabetetan trafikoari itxita egongo da bidea", adierazi du Markel Azkargortak, Bergarako Udaleko Garapeneko zinegotziak.

Lur azpiko sareak berritu eta kale osoa maila berdinera ekarriko dute, urbanizatzearekin batera.  Hori izanda, Udalak agintaldirako planean zehaztutako alde zaharra biziberritzeko helburu estrategikoarekin estuki lotuta duen proiektua da.

Alde zaharrean, Bergarako erdiguneko lanak izanda, herritarrengan eragina dutela eta ikusmina ere badutela gaineratu du Azkargortak. Arretaz ari direla lanak burutzen azpimarratu du. "Obra honek ikusmin handia sortu du. Erdiguneko eta alde zaharreko obra izanda, arreta handiarekin ari gara obra burutzen, eta sortzen diren egoerak kudeatzen".

Obrak, guztira, hamar hilabetean amaituta

Obrak berak lur azpiko sareak berritzea eta kaleari irisgarritasuna ematea du helburu. Hori horrela, maila beren jarriko da errepidea eta espaloia, besteak beste. Lehenengo fasea, martxoan hasita, bi hilabete barru amaituta izatea aurreikusten dute. Ondoren helduko litzateke bigarren fasea, Arrese kantoitik San Martin plazaraino eta kale tarte hori berritzeko zazpi hilabete kalkulatzen dituzte. Guztira, hamar hilabeteren bueltan, obra bukatzen izango direla aurreikusten dute.

Arreta bulegoko eta udaletxeko ateak irekita dituztela ere gogorarazi die herritarrei Azkargortak.  Zubieder enpresaren bulego teknikoa kaleko zortzigarren atarian dagoela gaineratuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak