Bihartik zabalik egongo da berriro Lesarriko tunela

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko api. 11a, 13:44

Bihar, zapatua, goizeko 09:00etan zabalduko dute AP-1 errepideko Lesarriko tunela, Behobiako noranzkoan, bi urte iraun dituzten lanak amaitu eta gero. “Segurtasun maila altuena” bermatzeko sistema teknologiko aurreratuekin hornituta dagoela azpimarratu dute Gipuzkoako Foru Aldunditik, goizean bertara egin duten bisitan.

Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendoza eta Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu Felix Urkola izan dira bisitan AP-1 errepideko Lesarriko tunelean, Bidegiko zuzendari Alfredo Etxebarriak eta Bidegiko beste ordezkari batzuk gidatuta.

Diputatu nagusiak adierazi duenez, Gipuzkoako ahalmen handiko errepide-sare nagusia osatu ondoren –Gipuzkoako biribilgunea izenez ezaguna–, Foru Aldundiaren lehentasuna da errepideen segurtasunean, erosotasunean eta jasangarritasunean aurrera egitea. Hauxe adierazi du Mendozak: “Hemendik gutxi gorabehera 20.000 ibilgailu pasatzen dira egunean, oso ibilgailu kopuru altua da, eta 2003an eraikitako tunela da. Ordutik teknologiaren eta iraunkortasunaren ikuspegitik gauzak asko aldatu dira eta behar zuen eguneraketa bat, eta, hori da hain justu, egin duguna“.

Lesarriko tunelean egindako hobekuntzen artean daude barruko instalazio guztien berrikuntza, egituren sendotzea eta teknologiaren berritze sakon bat. Esaterako, gertakariak automatikoki detektatzeko gaitasuna duten 36 kamera adimendun erabili dituzte eta tuneleko kontrol-gela ere bisitatzeko aukera ere izan dute goizean. Mendozak hau azpimarratu du: “Bi urteko obrak izan dira, 24 hilabetez iraun du obra honek. Bi hodietan egin dira aldaketa oso handiak, 19,5 milioi euro inbertitu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak Bidegiren eskutik hori guztia berritzen eta horrek izango du benetan inpaktu oso handia erabiltzaile guztiengan. Izan ere, erosotasunean, segurtasunean eta batik bat teknologia berriei adaptatuta, etorkizuneko errepidetan ari gara inbertsio handiak egiten”.

Gaur gauean itxita, biharko guztia prest egoteko

Bihar, zapatua, zabalduko dute, eta ordurako guztia prest egoteko, Aldunditik jakinarazi dute AP-1 autobidea bi noranzkoetan itxita egongo dela Bergara hegoaldea eta Maltzaga artean gaur, egubakoitza, gaueko 21:30etatik bihar, zapatuko, goizeko 09:00ak arte. Lanak, gauean egingo dira trafikoan eragin txikiena izateko helburuarekin. Eta behin Lesarriko bi hodiak zabalduta, Aste Santuko trafikoa erraztuko dela gaineratu du Mendozak.

Bihar goizetik aurrera, beraz, erabilgarri egongo da lanengatik bi urtez itxita egon den Lesarriko tunela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak