Udal Gobernuak emandako datuaren arabera azken hamar urteotan etxez etxeko zerbitzurako eskaera %75 handitu da eta, diotenez, nabarmena den joera horrek beste azterketa sakonago bat eskatzen du, adibidez, zerbitzuaren beraren jasangarritasunari dagokionez. Zaintza ekosistemarena izan zen azpimarratu zuten kontzeptu nagusietako bat, herritarra edo kasu honetan adinekoa erdigunean jartzea duena helburu, eta bide horretan azterketak egiten hasi ostean, beste hainbat arlo landu behar zirela ondorioztatu du EH Bilduk. EAJ bat dator zaintza ekosistemari begira aldaketa sakonak behar direla esaterakoan, baina bilkuran landu ziren pleguei begira Udal Gobernuaren partetik orain arte gaiaren lanketarako tarterik izan ez dutela adierazi ostean bozkatu zuten proposamenaren aurka.
Larramendiko Arnasa taldekoen hitz-hartzea
Bestalde, udalbatzak aho batez onartu zuen Bergarako Udalean Portaera desegokiak, lan-jazarpena eta jazarpen matxistaren prebentziorako protokoloa, eta amaitzeko, galderen eta eskaeren tartean, Larramendiko Arnasa taldearen izenean hitza hartu zuen Joseba Zuzaeta herritarrak. Judizializatuta dagoen Larramendik plantaren auziari dagokionez, proiektuak aurrera egingo balu Zuzaetak azpimarratu zuen herritarren osasuna enpresa fantasma batzuen eskuetan utziko litzatekeela.
EAJri azalpenak eskatu zizkien proiektua oraindik ere zergatik eta zertarako bultzatzen jarraitzen duten jakiteko; jeltzaleek ez zuten hitza hartu.EH Bilduren Udal Gobernuari, berriz, Zuzaetak galdegin zion ea kontrako ebazpenen bat helduko balitz horri aurre egiten jarraitzeko konpromisoarekin aurrera egingo zuten; Gorka Artola alkateak erantzun zion esanez Udalak egin dezakeena dela plan orokorrak ez badu onartzen Valogreene enpresak sustatutako azpiegitura horren aurkako konpromisoa berrestea, eta borondate hori helarazi zuen. Artolak gogora ekarri zuen Larramendiko planta gutxienez bi ebazpen judizialen menpe dagoela, bat Valogreene enpresak Udalaren aurka jarritakoa eta bestea Udalak Jaurlaritzaren Ingurumen Baimen Bateratuaren aurka zuzendutakoa.