Beñat Rezusta: "Txapel berezia da Joseba Ezkurdiarekin irabazi izanagatik"

Mireia Bikuña 2025ko api. 1a, 10:28

Eskuz binakako txapelduna Bergarako frontoian egon zen atzo, astelehena. "Lo gutxi" eginda zetorrela aitortu zuen, baina, pozarren erakutsi zuen Joseba Ezkurdiarekin, Navarra Arenan, lortutako txapela. Eskuz binaka lortzen duen hirugarrena.

Finalaren osteko ospakizunek ez zioten atsedenik eman Beñat Rezustari, baina irribarretsu eta pozik agertu zen Bergarako pilotalekuan. "Igandean lortutakoa barneratzen ari naiz oraindik. Lehia oso gogorra eta intentsua izan zen. Mariezkurrenaren azken pilotakada txapa behera joan zenean, sekulako poza sentitu nuen. Poza eta lasaitasuna", esan zion GOIENAri.

Eskuz binakakoa aurkeztu zenean, garbi geratu zen Rezustak eta Ezkurdiak bikote sendoenetako bat osatzen zutela; eta erakutsi dute. "Txapelketa oso erregularra egin dugu, eta pozik eta harro egoteko arrazoiak genituen. Baina, finalera heldu eta ez baduzu irabazten, aurreko guztiak ez du balio. Finalak irabazteko daudela esan ohi da. Oraingoan, premisa hori bete dugu. Txapela irabazi izanak aurrera begiratzeko balio dit. Lanean jarraitzeko. Motibatuta egoteko eta erronka berriak bilatzeko".

Hirugarren txapela

2017an jantzi zuen binakako lehen txapela Irribarriarekin bikote eginez; eta 2019an, bigarrena, Elezkano II.rekin. Hirugarrena, Ezkurdiarekin. "Lehen txapelak ilusio handia egin zidan. Baita bigarrenak ere. Bi haiek oso jarraian irabazi nituen. Ostera, sei urte pasa dira, berriro final batera sailkatzeko, eta halako egun batek sorrarazten dizunaz disfrutatu ahal izateko. Baina, azkena, Ezkurdiarekin irabazi izanak, oso berezi egiten du. Asko disfrutatu dut txapelketa osoan zehar Josebarekin: jokatzen, entrenatzen, frontoitik kanpo...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak