Eguazten gauean hasita haize zakarra izan da protagonista Debagoienean, eta, kalteak, bereziki, Bergaran eragin ditu. Kalte horien artean aipagarriena izan da Agorrosin kiroldegiko teilatuaren zati handi bat altxatu izana; teilatuko xafla batzuk altxatu eta beste batzuk guztiz apurtu ditu haizeak.
Barruko igerilekuaren teilatua izan da haizeak jasotakoa. Hezetasun arazo batzuk tarteko, jada baziharduten azterketa bat egiten sabaiaren egoeraz. Azterketa horren helburua da hezetasun arazo horiekin lotuta zein neurri hartu erabakitzea, baina atzo jasandako kaltearen ondorioz esku-hartze sakonagoa egin beharko da, nahitaez.
Balorazio teknikoaren zain
Gorka Artola alkatea eta udal teknikariak izan dira goizean Agorrosinen, adituekin batera, sabaiaren balorazio teknikoa egiteko. Balorazio tekniko horren emaitza aurrerago emango dute ezagutzera. Kiroldegia eta inguruko esparrua datorren asteartera arte itxita egongo dira.
Udaltzainek hartutako neurriak
Hala, ezohiko gertaera horrek hainbat neurri hartzea eragin du, herritarren segurtasuna bermatzea helburu: gertaeraren berri izateaz bat jendez hustu du kiroldegia, bertan behera utzi dituzte Agorrosin eta Ipintza zelaietako futbol entrenamenduak eta udaltzainek itxi egin dute kiroldegiko sarrera nagusiko aparkalekua. Hain justu ere, udaltzainek autoa aparkalekuan zuten kiroldegiko erabiltzaileei ibilgailua ateratzeko eskatu diete. Horrez gain, Agorrosin ondoko San Martin Agirre eskolako eta Ipintza institutuko arduradunei eskatu diete goizean zehar ikasleak patiora irten ez daitezen.
Labegaraietako kiroldegia zabalik
Udaletik gogorarazi dute Labegaraietako Kiroldegia irekita izango dela ohiko ordutegian, eta Agorrosineko abonatuek Mugiment Kirol Txartela erabil dezaketela Euskadiko beste kiroldegi batzuetan.