Berritasunekin dator Gorlako Igoeraren 50. edizioa

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko mar. 19a, 12:01

Ibilbidean Asentzioko Igoera gehitu dute, eta horrenbestez, bigarren itzulian, Deskarga jaitsi ostean, Angiozartik, Asentzio igo beharko dute txirrindulariek. Halaber, aurten ere, streaming bidez jarraitu ahal izango da lasterketa Gorlako Igoeraren Youtube kanaletik. Helmugan, berriz, pantaila handi batetik jarraitu ahal izango da proba, eta haurrendako jolasak antolatu dituzte.

Gorlako Igoeraren 50. edizioa jokatuko da martxoaren 30ean, 10:00etan hasita eta 200 txirrindulari inguru lehiatuko dira 114 kilometro eta 2.175 metroko desnibela duen lasterketan. Atzo egin zuten lasterketaren aurkezpena, eta antolatzaileendako zenbaki borobila da urtemugarena. Horregatik, berezitasunak eman nahi izan dizkiete probari. Tartean, bigarren bueltaren azkenean Asentzioko Igoera sartzea. Gorlako azken igoera erabakigarrienaren aurretik, Deskarga jaitsita Asentzio igo beharko dute.

"Ikusi dugu, talde indartsuendako lasterketa nahiko erraza zela kontrolatzeko. Euren gregarioak jartzen zituzten ihesaldia harrapatzeko eta bukaeran, taldeko indartsuena joaten zen aurrera. Aurten tranpatxo bat jarri dugu. Oso portu gogorra jarri dugu azkenengo igoeraren aurretik, eta Deskargatik jaisten direnean, joango dira Angiozarretik Asentziora. Pentsatzen dugu hor apurtuko dela pelotoia eta hor jokatuko dela buruz burukoa", adierazi du antolakuntzako kide eta Lokatzako lehendakari Jon Unamunok.

Zuzenekoa eta ekintzak helmugan

Iaz bezala, zuzenean jarraitu ahal izango da Gorlako Igoeraren Youtube kanaletik. Gorlako Igoerako streaming eta sare sozialen arduradun Iosu Marzok aurreratu du, aurten, inbertsio handiagoa egin dutela materialean, eta horrenbestez, aurten motor bat gehiago izango dutela lastekertan. "Iaz streaming bidez bota genuen lasterketa lehenengo aldiz, denbora gutxi izan genuen hori prestatzeko. Garrantzitsua izan zen guretzat. Iazko ahulguneak ikusita, aurten inbertsio handiagoa egin da materialean, teknologia gehiago eskuratu dugu, eta motor bat gehiago izango dugu lasterketan. Baita ere edukiko dugu motor bat satelite bidez. Guk ere Gorlako mendate gainean satelite bidez emitituko dugu eta hori da hobekuntza nabarmenduko duguna", azaldu du Marzok.

Jende gehiago helmugara hurbiltzea dute helburutzat, eta pantaila handi bat jarriko dute Gorlan, lasterketa zuzenean jarraitzeko. Era berean, Gorlan haurrendako herri-kirol probak antolatu dituzte, baita txokolate-jana ere. Gainera, herribusak pare bat buelta egingo ditu hara.

Izen handiko txirrindulariak probaren irabazle

Gorlako Igoera irabazi duten txirrindulari askok egin dute profesionaletara jauzi, eta Bergarako lasterketak herria mapan jartzen duela irizten dio Bergarako Udaleko Kirol Zinegotzi Aitor Arantzabalek: "Nik uste Gorlako lasterketak Bergara mapan jartzen duela, gutxienez, txirrindularitza munduan eta ikustea baino ez dago 50 urteetan antolatu dela eta oraindik ere antolatuko dutela. Profesional pila bat atera dira lasterketa honetatik. Uste dut txirrindularitzan Bergarari horrek ematen diola garrantzia".

Aurkezpenean izan ziren, Gorlako Igoerako palmaresean dauden Julian Barcina eta Koldo Lamikiz: bata, 1989an eta 1993an lasterketa irabazitakoa, eta bost alditan podiumean sartutakoa; bestea, beterano mailan zazpi urtez jarraian lasterketa irabazitakoa (1983tik 1989ra). Biek oso oroitzapen onak dituzte Gorlako Igoeraz. Aurkezpenean ondoan izan zituzten, martxoaren 30ean lehiatuko diren Unax Errasti antzuolarra eta Beñat Iñarra aramaioarra eta haiei, Gorlako Igoera irabazteko gakoak eta gomendioak eman zizkieten.

"Amateurretan dena eman didan txirrindularitza lasterketa da Gorla. Beti, lehenengo urtetik, irteeran protagonista izan nintzen, eta, gero, igoerari trukua hartu nion, eta ia ez nintzen podiumetik jaitsi, jokatu nuen azken urtera arte", zioen Barcinak.

"Orain bertan oso ondo prestatuta derrigor joan behar dute, baina ezkutatuta joan behar dute pixka bat. Azken igoerara arte gordeta joan, eta gero, azken igoeran, dena eman. Zuhur egon", gehitu zuen Lamikizek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak