Burdinolako alebinak hirugarren Espainiako ligan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko mar. 16a, 15:57

Bigarren postua eskuratzea zuen helburu taldeak, baina hirugarrenarekin ere "gustura" daude; orain, Espainiako Txapelketa dute begiz jota.

Espainiako alebinetako lehen mailako denboraldi amaierako partiduak jokatu dituzte asteburuan Labegaraietan, eta Burdinolako taldea hirugarren gelditu da ligan. Gaurkoan, Las Rozas taldea izan dute aurkari, eta 10-3 amaitu dute partidua, etxekoen alde. "Talde indartsua da [Las Rozas], atzo partidu oso onak egin zituen, eta gure zalantzak genituen gaurko; hala ere, azkenean, nahiko erraza izan da, golak sartu eta sartu hasi baikara", nabarmendu du Agustin Oiangurenek, Burdinolako entrenatzaileak.

Espainiako ligako txapeldunak (CPL Valladolid) gaur, Labegaraietan. Irudia: Burdinola.

Hego Euskal Herriko ordezkaritza bakarra bergararrena izan da, Madrildik, Mallorkatik, Burgostik eta Valladolidetik –azken honek irabazi du: CPL Valladolid– etorri baitira gainontzeko taldeak. Guztira, 80 jokalari inguru batu dira, eta bederatzi partidu jokatu. Burdinolakoen kasuan, hurrenez hurren, Tres Cantos eta Espanya Hoquei Club izan dituzte aurkari, Las Rozasekin batera: "Atzo jokatu genituen lehen bi partiduak, eta lehenengoa irabazi arren, bigarrena galdu egin genuen. Gure asmoa bigarren gelditzea zen, baina atzoko partidua galduta, hirugarren postuan gelditu gara". Hala ere, Oiangurenek erantsi du "gustura" egoteko emaitza dela: "Izan ere, Espainiako talde onenak daude hemen; horrek esan nahi du harrobi ona dugula".

Txapelketa, begiz jota

Liga amaituta, eta datozen helburuei buruz galdeginda, entrenatzaileak nabarmendu du Espainiako txapelketa dutela begiz jota, alebinen kasuan: "Aldez aurretikoak jokatzea dagokigu orain; fase horretan aurrera eginez gero, zortzi talde hoberenak egongo gara jokatzen. Hor irabaztera goaz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak