Lau hizlarik osatu dute mahai-ingurua, tartean, Martxanterak Bergarako talde feministako zein mugimendu antiarrazistako kide Luciana Alfarok. Bere bizipenetan oinarrituta hitz egin du, Martxanterak taldean espazio horrekin nahi dutenari buruzko gogoeta egiteke dutelako oraindik. Euskal Herriko Emakumeen Etxeetako hainbat esperientzia ezagutzeko baliatu dute hitzordua.
Basauriko kideak izan dira, hain justu, hitzaldian parte hartu dutenetako bi. Duela hamarkada bat baina gehiago bere ateak zabaldu zituen Basauriko Marienea Emakumeen Etxean parte hartzen duten mugimendu feministako kideak beren esperientziatik hitz egin dute.
Debagoienean Arrasateko Emakumeen Etxea soilik zegoen, orain aldiz, Bergarakoa, Oñatikoa eta Aretxabaletakoa bidean dira. Kasuak kasu, Bergarako Martxanterak talde feministak 2017an aurkeztu zuen eskaera modu formalean. Aurreko agintaldian erabaki zuen Udalak Bergarako Emakumeen Txokoa Arrizuriaga jauregiko bigarren solairuan kokatzea. Mahai-inguruan parte hartu duen Oñatiko Mugimendu Femista taldeak herrirako ez ezik, ingurukoetarako ere onuragarria izango dela adierazi du.
Hurrengo urratsa
Prozesuaren hurrengo urratsa izango dira gogoeta-saioak, irailera bitartean egingo dira. Bergarako emakumeekin eta mugimendu feministarekin lanketa egingo dute, espazioaren funtzioak eta zerbitzuak definitzeko. Lanketa-saio horietan Elhuyar Kooperatibako kideak izango dituzte bidelagun, eta lehena, datorren astean, hilak 21 izango da. Prozesua egitearen garrantzia azpimarratu dute hizlariek.
Gogoeta saioak bukatuta, proba fasea izango da, zeinetan emakumeek eta mugimendu feministako kideek aukera izango duten espazioak benetan nola funtzionatu behar duen ikusteko. Behin beharrezko egokitzapenak eginda, irekiera unea iritsiko da; 2026rako aurreikusten dute.