Lanbroa Kultur Elkarteak Mitoaren eta Historiaren arteko ur nahasietan hitzaldi-afari zikloak antolatu ditu datozen hilabeteetarako Elgoibarko Ilunberri taldearekin elkarlanean. Denera sei hitzaldik osatzen dute egitaraua, eta martxoaren 21etik irailaren 25era bitartean emango dituzte; hiru, Bergaran eta beste hiru, Elgoibarren.
Berritasuna da Bergarako Kultur Elkartearendako beste Kultur Elkarte batekin batera halako ekitaldia antolatzea, eta Lanbroako lehendakari Ander Errastik adierazi duenez, udaberriko zikloak antolatzerako garaian, beste zenbait herritako elkarteekin jarri ziren harremanetan, eta ikusi zuten beste Ilunberri taldearen gaiak jorratzeko ikuspegiak eta erak antzekoak zirela; horregatik, antolatu dituzte batera hitzaldiak. Gainera, irizten dio hitzaldiak bi herrietan izateak herritarrei eskaintza zabaltzen diela: "Deba bailaran zikloa antolatzeak aukerak biderkatzen ditu; bergararrei Elgoibarrera joatea eskaintzen zaie, eta alderantziz. Gauza ona izan daiteke".
Mitologia ardatz
Sei saioetan Euskal Herriko aro ezberdinetako jainko, pentsamolde animista, izaki-magiko, kondaira-kontakizun eta gertaera historikoak landuko dituzte euskal gizartean nahiz historian sakontzeko helburuarekin. Errastik aurreratu du, bi herrietako gaien banaketa modu berean egin dutela: "Pentsatu dugu herri bakoitzean bi hitzaldi ematea mitologian eta jainkoetan oinarrituta, eta hirugarrenari generoaren perspektiba ematea. Zergatik? Konturatu gara iraganean Euskal Herria ez zela hain gizarte patriarkala batzuetan. Uste dugu hizlari batzuekin hori agerrarazi ahal dugula".
Hitzaldien ostean, afariak
Bergarako saioen ondorengo afariak mantentzeko apustua egin dute antolatzaileek "arrakastatsuak" izan baitira aurreko aldietan. Gainera, Errastiren esanetan, jardunaldian hizlariak galderak erantzun arren, ostean, bestelako eztabaidak sortzen dira eta afariak aukera ematen du haietaz hitz egiteko.
Pertxa, Sagarpe eta Umore Ona Elkarteetan egingo dituzte afariak, eta izena eman beharko da 610 28 97 48 telefono zenbakian. 18 euro balio du.
Hiru eduki bidepodcastean
Lanbroa Kultur Elkarteak ere bideopodcastetara jauzi egin du, eta lehen saioa martxoaren 17an estreinatuko du. Printzipioz, hiru saio grabatu dituzte eta hitzaldiaren aurreko astelehenean ikusi eta entzun ahal izango da saio bakoitza Goiena.eus atarian eta Ivox edo Spotify moduko plataforma digitaletan. Lanbroa Kultur Elkartearen berri emateaz gain, Bergarako hitzaldietako gaiak landuko dituzte. Helburua da Elkarteak landutako edukiak ahalik eta herritar gehienei heltzea.
Hitzaldi-zikloaren egitaraua
Lanbroa Kultur Elkarteak eta Ilunberri taldeak honako egitaraua antolatu dute datozen hilabeteetarako:
Bergara: 18:30ean, Irizar jauregian
- Martxoak 21: Euskal Herriko antzinako jainko eta jainkosak; Luis Mari Zaldua Etxabe.
- Martxoak 28: Euskal kosmogonia, bakarra ote?; J.I. Hartsuaga.
- Apirilak 4: La mujer y su derecho al caserío guipuzcoano; Rosa Ayerbe.
Elgoibar: 19:00etan, Aita Agirre kulturgunean
- Maiatzak 8: Gipuzkoako nafar gazteluak: Elosuko kasua aztergai; Andoni Larrañaga eta Ander Errasti.
- Maiatzak 15: Euskal matriarkatua; Cira Crespo.
- Irailak 25: Iraultza neolitikoa; Amaia Arranz.