Kolore eta mozorro festa, lehertzeko puntuan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko ots. 28a, 10:18

Aratusteetako kontzertuko talde-argazkia, iaz. (Argazkia: Imanol Soriano).

Gaurtik martitzenera bitartean askotariko ekintzak egingo dituzte Aratusteak ospatzeko Bergaran, eta gaur, esaterako, Bergarako Musika Bandak eta Orkestra Sinfonikoak Aratusteetako kontzertua emango dute; www.goiena.eus webgunean izango da ikusgai.

Aratusteak usaindu daitezke dagoeneko Bergaran, martitzenean torraden eta pellen gaineko ikastaroa egin baitzuten; eta atzo, sorgin dantzaren txanda izan zen. Bergarako Musika Eskolako 50 dantzari aritu ziren dantzan San Martin plazan, Udal Pilotalekuan eta Irala kalean, trikitilarien eta fanfarrearen laguntzarekin; guztira 80 partaide.

Halaber, gaur gauean, 22:30ean hasita, Aratusteetako kontzertua emango dute Bergarako Musika Bandak eta Orkestra Sinfonikoak, Kabaret 2.0 izenburupean. Bergarako Musika Bandako zuzendari Enrike Txurrukak aurreratu du emanaldirako ideiak lantzen hasi zirenean, eta proposamena atera zenean, denei gustatu zitzaiela duela urte batzuk egindako istorioa berreskuratzea. Hala, Aritzeta Abesbatza, Debako Kulunka Dantza Taldea eta beste hainbat antzezle eta abeslari izango dituzte bidelagun; 150 lagun inguru. Lehen zatian Bergarako Musika Bandak joko du eta bigarrenean gainontzekoak batuko dira antzerki musikatura.

Hamabost pieza interpretatuko dituzte, hainbat estilotakoak: klasikoak, soinu bandak, kabaret girokoak eta gaur egungoak.

Emanaldirik "ezberdinena" izan ohi da, Txurrukaren ustez, lan musikalaz gain beste hainbat lan mota eskatzen baititu. Alabaina, dio kideengan ere sortzen duela kuriositate pixka bat istorioaren, mozorroen eta abestien bueltan.

Frontoiko lanak amaitu osteko lehen kontzertua izango da gaurkoa, eta itzultzeko irrikan daude: "Eskerrak eman nahi dizkiegu frontoitik kanpora egon garen denboran erraztasunak eman dizkigutenei; batez ere, Udalari eta San Pedro parrokiari. Baita baldintza erosoenetan ez izan arren entzutera etortzen jarraitu dutenei ere. Orain, frontoian, teilatu berrituarekin, erosoagoak izango dira emanaldiak. Ea hurrengo pauso batean akustika hobetu daitekeen".

Ikuskizunerako azken sarrerak salgai daude, Seminarixoko webgunean, zortzi eurotan.

Pailazoak eta kalejira

Aratusteetako beste bi hitzordu garrantzitsu izango dira Porrotx, Marimotots, Lore eta Pupuren Ostirala iritsi da! ikuskizuna, bihar, eta Bergarako Erraldoi eta Txistulari Bandaren kalejira, domekan, 18:30ean hasita.

Ikastetxeen desfileak

Herriko ikastetxeek ere ospatuko dituzte Aratusteak. Mariaren Lagundia Ikastolako eta Aranzadi Ikastolako ikasleak gaur arratsaldean aterako dira kalera; San Martin Herri Eskolakoak, berriz, martitzenean.

Hala, Mariaren Lagundia Ikastolak Euskal mitologia gaia aukeratu du, eta gaur arratsaldean 14:45etik 16:00etara bitartean kaleetan barrena ibiliko dira desfilean, eta herriko hainbat puntutan dantza egingo dute: Ramon Maria Lili eta Irala kaleetan eta San Martin plazan.

Aranzadi Ikastola, berriz, urtero bezala, euskal Inauterien bueltan irtengo da kalera, 15:20an. Ikastolako jolastokian hasita, frontoia nahiz Irala kalea zeharkatuko dituzte, eta jolastokira bueltatuko dira. Bidean, hainbat dantza egingo dituzte: Eutsi goiari ijito, txulalai, Akelarrean, sorgin dantza, bolant dantza eta polonesa, besteak beste.

San Martin Herri Eskolakoek 15:00etik 16:30era bitartean ospatuko dituzte Aratusteak martitzenean, eta eskolatik irten eta herriko plazarainoko ibilbidea egingo dute, Matxiategiko ziburuetan, Iralan eta plazan geldialdiak eginda, prestatutako dantzak egiteko. Ostean, 17:30ean, erromeria izango da plazan, Gauargi taldearekin.

Ikusmina sortu du ohiko ikastaroak

Torraden eta pellen ikastaroa martitzenean Gure Ametsan, Gorka Lobatorekin. (Argazkia: P.U.).

Torradak eta pellak egiteko martitzeneko ikastaroan 21 lagun elkartu ziren, Gure Ametsa elkartean, Gorka Lobato sukaldariaren gidaritzapean. Beste saio bat egingo dute, martxoaren 10ean, ikastarotik kanpo geratu diren 22 pertsonendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak