Alde batetik, Emakumeen Txokoak duen garrantzia eta funtzioa herritarrei helarazteko mahai-ingurua egingo dute martxoaren 13an, 18:00etan, Seminarixoan. Euskal Herriko emakumeen etxeetako hainbat esperientzia partekatuko dituzte, protagonisten esperientziatik abiatuta. Ostean egingo dituzte bost gogoeta-saioak, irailera bitartean. Bergarako emakumeekin eta mugimendu feministarekin lanketa egingo dute, espazioaren funtzioak eta zerbitzuak definitzeko. Emakumeen ahalduntzea sustatzeko eta kolektiboen beharrei erantzuteko gunea izatea da helburua. Lanketa-saio horietan Elhuyar Kooperatibako kideak izango dituzte bidelagun. "Emakumeen Etxearen proiektua Bergarako errealitatera egokitzen saiatzea eta Bergarako emakumeen eta feministen beharretara ahalik eta ondoen doitzea izango da gure betebeharra", esan du Elhuyarko kide Joxepa Bornaetxeak.
2026rako irekitzea aurreikusten dute
Hasierako bi fase horien ostean etorriko dira beste biak. Hirugarrena proba fasea izango da, zeinetan emakumeek eta mugimendu feministako kideek aukera izango duten espazioak benetan nola funtzionatu behar duen ikusteko. Era berean, beharrezko egokitzapenak egiteko tartea izango da. Azken fasea irekiera izango da; 2026rako aurreikusten dute. "Emakumeen Txokoa mugimendu feministaren indartzea eta berdintasunaren aldeko politikak garatzeko ezinbesteko tresna izango da", azpimarratu du Ainhoa Lete zinegotziak.