Lokatza ziklismo eskolak 55 txirrindularirekin aurkeztu du denboraldia

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko ots. 22a, 15:38

Bergarako Lokatza ziklismo eskolako neska-mutikoak prest daude denboraldi berria hasteko. Aurreko urtetan baino txirrindulari kopuru zertxobait handiagoarekin, guztira 55 txirrindularirekin, egin baitute aurkezpena, San Martin eskolako patioan.

Guztira, 55 txirrindulariz osatutako taldea aurkeztu du Lokatza ziklismo eskolak, denboraldi berrirako. Eskolarteko mailan –benjamin, alebin eta infantilen artean– 28 txirrindulari lehiatuko dira aurten; kadete mutiletan, hamar; jubenilen taldea Elgoibarreko klubak lagunduko du eta bertan izango dira bost txirrindulari; nesken taldean, berriz, hamar daude; eta, afizionatu mailan, bi. 

Orain artean aurre-denboraldian jardun dira lanean eta Lokatzako presidente Ion Unamunok adierazi du “gogorra” izan dela orain artekoa, baina “gogotsu” daudela lasterketekin hasteko. Eskolartekoek, esaterako, martxoaren 8an izango dute lehenengo lasterketa, Aretxabaletan.

Taldeka, argazkiak atera dituzte aurkezpenean, eta ostean, taldeen babesle den Bolintxo okindegiaren eskutik, hamabitakoa egin dute.

"Eskola", helburu

Aurtengo denboraldirako erronka nagusiari buruz galdetuta, hauxe adierazi du Unamunok: "Ziklismo eskola gara, eta eskola moduan nahi duguna da umeek eta gazteek jakitea zer den txirrindularitza, alderdi desberdinetatik; elkartasuna izatea, taldekideei laguntzea, esfortzua, ondo pasatzea, jende eta leku berriak ezagutzea, entrenatzaileak esandakoari kasu egitea… Eta gero bakoitzak izango ditu bere helburuak".

Eurek antolatutako lasterketak

Antolaketa mailan ere, Lokatza lanean hasita dago aurtengo denboraldirako. Izan ere, esaterako, San Martzialeko igoera emakumeentzat martxoaren 14an izango da, eta, martxoaren 15ean, berriz, eskolartekoen lasterketa egingo dute Labegaraietan. 

Martxoaren 30ean izango da, berriz, Gorlako Igoera. Aurten berezia, 50 urte beteko dituelako, eta iaz bezala, zuzenean jarraitu ahal izango da lasterketa, halaxe azaldu du Unamunok: "Zuzeneko emisioa izango da, guk sortuko dugu hori, eta edozeinek ikusi ahalko du lasterketa bere etxetik, edo lasterketa jarraitzen dabiltzanek ere bai, lasterketa non eta nola doan ikusi ahalko dute. Espainiako Kopa gainera ez dago, beraz, seguru sekulako maila egongo dela".

Eskerrak laguntzaileei

Hurrengo urtean 50 urte beteko dituena, berriz, Lokatza ziklismo eskola bera izango da, eta Unamunok eskerrak eman dizkie urte hauetan guztietan euren alboan izan diren guztiei eta laguntzen jarraitzen dieten guztiei. Duela gutxi hil zen Juan Mari Aranzabal ere izan du gogoan, urtetan euren kolaboratzaile fina izan dela esanaz. Denen artean egindako lanari esker, orain herrian dagoen harrobia ikus daitekeela gaineratu du.

Erlazionatuak

Lokatzakoak, taldeka

Amaia Txintxurreta Guridi ots 22 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak