40 urte daramatza Txapa Irrati libreak uhinetan, eta urteurrena ospatzeko hainbat ekintza antolatu ditu. Aitor Escobarren kontzertuarekin emango zaio hasiera domekan, 12:00etan, kartzela zaharrean eta ondoren, etorriko dira, besteak beste, Anari eta Juan Pablo Blacazar trioren kontzertuak edota Mejillon Tigreren hitz esana. Momentuz, maiatzera bitarteko egitaraua iragarri dute, baina azarora bitartean ospatuko dute urteurrena.
Txapa Irratiak urtero antolatzen ditu ekintza ezberdinak, baina urteurrena baliatu nahi du 40 urteak nahiz urte horietan pasa diren ahots eta irratsaio guztiak balioan jartzeko. "Irratia balioan jartzeaz gain, egitarau bat kaleratu dugu oso modu naturalean beti antolatzen baititugu kontuak. Aurten urteurrenaren txapela jarri diogu eta gauza ezberdinak antolatu ditugu", azaldu du Txapa Irratiko kide Lander Juaristik egitarauan jaso dituzten musika, literatura eta antzerki emanaldi nahiz jaiari erreferentzia eginez.
Andoni Larrañaga Txapa-kideak gehitu du irratia "zertxobait gehiago" herrira gerturatzea dela helburua "ohikoa den moduan", kultura presente dagoen eskaintzarekin: "Txapak historikoki musika eta beste adierazpen batzuk herrira gerturatu izan ditu, eta hori egiteko asmoa daukagu".
Txapa Eguna martxoan
Ospatu dituzten beste urteurrenetan bezala, Txapa Irratiko egungo kide nahiz kide-ohiekin bazkaria egingo dute martxoaren 29an Pertxa elkartean. "Ziur aski jende mordoak esango du Nik egin nuen irratsaio bat... eta horiek aukera izango dute gerturatu eta momentu horiek oroitzeko. 40 urte hauetako ahotsak batu eta gure artean hitz egitea da asmoa", dio Juaristik.
Bazkarian parte hartu gura duenak izena eman dezake horretarako prestatu duten galdetegian edo Telegram bidez, 622 68 94 19 zenbakian.
40 urtez uhinetan
Hasierako Txapa-kideak herriko sindikatu batek utzitako lokalean hasi ziren emititzen, 1984an; eta 1989an, Udalarekin lortutako akordio baten ondoren, Zabalotegi dorre azpira pasatu ziren. Gaur egun, kartzela zaharretik emititzen dute, eta 40 urteren balorazio positiboa egin du Larrañagak: "Logika merkantilistatik kanpo dagoen dinamika baten funtzionatzen jarraitzeak berez oso positiboa da. Dinamika asanblearioa da, auto-gestionatua".
Ateak zabalik utzi dizkiete herritarrei Txapa Irratian parte hartzeko: "Askotan, jendeak ez dauka aukerarik komunikabideetara joateko bere gaiari buruz berba egitera; hemen badago horretarako aukera. Irrati euskalduna gara, baina hizkuntza ez da oztopo bat edozeinek bere irratsaioa edo proiektua garatzeko".
Maiatzera bitarteko egitaraua
Honako egitaraua antolatu dute maiatzera bitartean. Emanaldiak kartzela zaharrean izango dira.
- Otsailak 23: Aitor Escobarren kontzertua, 12:00etan.
- Martxoak 9: Anariren kontzertua, 19:00etan.
- Martxoak 13: Mejillon tigreren hitz-esana, 21:00etan.
- Martxoak 21: Juan Pablo Balcazar Trioren kontzertua, 22:00etan.
- Martxoak 29: Txapa Eguna.
- Apirilak 12: Erramu-zapatuko bazkaria.
- Maiatzak 11: tailerra eta kontzertua.