Amaia Zubiria (Zubieta auzoa. Donostia, 1947) musikariak jasoko du Monzon-Ganuza 2025 Saria. Gaur goizean egindako agerraldian iragarri dute erabakia saria ematen duten bi erakundeetako ordezkariek, Begarako Udalaren partez Gorka Artola alkateak eta Olaso Dorrea Fundazioaren izenean Irati Jimenez lehendakariak.
"Amaia Zubiria euskal musikaren historian ezinbesteko figura da, bere ahots gardenari eta sentikortasun handiko interpretazioei esker", azaldu du Gorka Artolak, eta gaineratu euskal musikaren esparrua eraldatu eta aberastu duela, emakume kantari baten ahotsa lehen lerrora eramanez eta doinu tradizionalak berrituz: "Herri kantak, jazzaren ukitua, poesiaren indarra eta zinema-musikarako ekarpenak uztartu ditu bere ibilbidean, beti berrikuntzaren eta sormenaren bidetik jorratu".
Artolak adierazi du, era berean, Zubiriaren ahotsak belaunaldi ezberdinetako euskal herritarrak "hunkitu" dituela, eta bere mezuari ere egin dio erreferentzia: "Maitasuna, borroka eta utopia uztartzen dituen diskurtsoarekin gura gizartearen izaera propioa aberastu du". "Haren bizitza eta ibilbidea euskal kulturaren eta musikaren aldeko konpromiso sakon baten adibide dira eta saria ez ezik, gure esker ona eta miresmena ere adierazi nahi dizkiogu", gaineratu du Bergarako alkateak.
Saria ematea, martxoaren 27an
Irati Jimenezek, bere aldetik, Monzon-Ganuza Saria aurretik jaso dutenen errepasoa ere egin du gaurko agerraldian: "Olaso Dorrea Fundazioaren lanak zentzurik badu gure arbasoen artean kolosoak ditugulako da. Horien bidea jarraitzea edo hobeto esanda, egin zuten lanari jarraipena ematea da gure helburua. Baina sari honekin urtero-urtero geure buruari beste zerbait ere gogoratzen diogu eta beste zerbait ere esaten diogu Euskal Herriari. Herri kolosal batean bizi garela. Maite duten kulturaren, hizkuntzaren eta herriaren alde lan egiten dutenak, egunero-egunero eta bizitza osoan zehar".
Martxoaren 27an, 18:30ean Seminarixoan izango den ekitaldian jasoko du Amaia Zubiriak Monzon-Ganuza Saria.