Bergarako Seminarixoan egin dute gaur iluntzean 33. Amodiozko Gutunen eta Esaldien Lehiaketako sari banaketa. Jardun Euskara Elkarteko antzerki taldeko kideak izan dira ekitaldiari hasiera ematearen arduradunak, eta ondoren hartu du hitza aurkezleak, sarituei oholtza gainera igotzeko eskaria egitearekin batera, Txuma Murugarren musikariaren zuzeneko musikarekin tartekatuz. Maialen Akizu Bidegain urretxuarrarendako izan da aurtengo sari nagusia (500 euro), Hau sekula bidaliko ez dudan gutun bat da lanarekin; Barakaldoko Yannick Vergara Villafafilarendako izan da, berriz, bigarrena (250 euro).
Lehen eta bigarren sariak, ordea, ez dira bakarrak izan. Gazteek, esaterako, euren kategoria propioa izan dute, eta Lide Mantxola Akizu oñatiarrak lortu du sari nagusia (150 euro). Horrez gain, Libe Txintxurretarendako izan da Bergarako onenaren saria (150 euro), eta Ane Zuazubiskar Iñarra arrasatearrak, berriz, parte-hartzaile berriarena eskuratu du (100 euro).
Esaldi onenaren sariari (100 euro) dagokionez, Zuriñe Etxeberria iruindarrarena goraipatu du gazte-epaimahaiak. "Motza da iragana bizitako guztia laburtzeko; luzea etorkizuna biziko ez duguna idazteko; gutxi da bizitza oso bat oroitzapenak ahazteko; asko dira hamar urte malko bakarrean husteko; itsaso oso bat beharko nuke barrena husteko", dio, hain zuzen ere, bere esaldiak.
Hemen dituzue sarituen hitzak, elkarrizketetan jasota.
Maialen Akizu: "Irudimenaren defendatzailea naiz ni"
2021ean irabazi zuen Maialen Akizu soziologoak (Urretxu, 1996) Jardunen sariketa; bigarrenez irabazi du, aurten, lehen saria eskuratuta.
Zeri buruz idatzi duzu?
Balizko bizitzekin ere bizi gara gure bizitza honetan, eta maitasunean ere eragiten dute horiek. Ni irudimenaren defendatzailea naiz, baina lilurak baditu bere gatazkak, bere mehatxuak, eta horiei lekua patxada batetik ematen dien ahots batek idatzi du Hau inoiz bidaliko ez dudan gutun bat da izenburua duen gutuna.
Zelakoa izan da idazketa-prozesua?
Ez da gai berria; lagun-artean eta elkarrizketetan ateratzen da. Ez nuen gutun bihurtzeko asmorik, baina lehiaketaren berri jakin nuenean, nolabait, presente neukan, eta hitzak jartzen saiatu nintzen.
Pozik sariarekin?
Bai; azkeneko egunean bidali nuen, azkar samar idatzita.
Maialen Akizuren gutuna hemen irakurgai
Yannick Vergara: "Niretzat oso garrantzitsua den gai bati buruz idatzi dut: esklerosi anizkoitzari buruz"
Txikitatik ametsa beteta, aktorea da Yannick Vergara (Barakaldo, 1983). Antzerkian, telebistan zein filmetan egin du lan eta azkeneko urteetan, bikoizketa lanak egiten ari da gehienbat. Bigarrenez hartu du parte jardunen sariketan eta bigarren saria irabazi du oraingoan.
Zeri buruz idatzi duzu saritutako gutun hori?
Niretzat oso garrantzitsua den gai bati buruz idatzi dut: esklerosi anizkoitzari buruz. Bertan kontatzen dudan guztia erabat autobiografikoa da eta opari ederra izan da barruan gordeta nuen hori guztia atera eta, gainera, epaimahaikideen esker ona jasotzea.
Nork nori idatzitakoa da?
Ia hamarkada oso bat elkarrekin eman ostean, gaur egungo Yannickek bere esklerosi anizkoitzari idatzitako maitasun gutuna da.
Zelakoa izan da idazketa-prozesua?
Tarteka, musek bisita egiten didate eta barruan erdi-kudeatuta dauzkadanak atera eta eurei zentzua emateko aukera ematen didate. Horrela sortu zen "Gure artekoa".
Zer iruditzen zaizu Jardunen sariketa hau?
Nire bigarren aldia da eta zoragarria iruditzen zait Jardunek eskaintzen digun aukera. Kultura sustatzea beti da ideia ona, eta oso beharrezkoa, gainera.
Pozik sariarekin?
Oso pozik, benetan. Jarduneko Maitanek deitu zidanean, erabat ahaztua nuen lehiaketa, eta sekulako sorpresa hartu nuen.
Yannick Vergararen gutuna hemen irakurgai
Lide Mantxola: Barrua husteko idazten dut askotan"
Bere buruari idatzitako gutun ausartarekin irabazi du Lide Mantxolak (Oñati, 2000) Gazte Saria.
Zeri buruz idatzi duzu?
Oso pertsonala da: barruak husteko idazten dut askotan; beste batzuetan, prozesu batek dituen zailtasunak gainditzeko gai naizela gogoan izan eta, bide batez, errealitatea erlatibizatzeak duen garrantzia ez ahazteko. Gutuna horren adibidea da; identifikatuta sentitzen direnei zuzenduta.
Zelakoa izan da idazketa-prozesua?
Noizean behin, gogoetaren bat edo beste idazteko joera daukat, eta hau hortik sortu zen. Hasiera batean, hausnarketa bat besterik ez zen, eta, lehiaketaren berri izan nuenean, gutun itxura eman nion. Pentsatu nuen gai horren inguruko ezjakintasuna besarkatuz merezi duen ahotsa ematea, naturaltasunez eta zintzotasunez.
Pozik sariarekin?
Oraindik sinetsi ezinik, baina bai, pozik, harrituta.
Lide Mantxolaren gutuna hemen irakurgai
Libe Txintxurreta: "Maitemintze isil eta idealizatu baten istorioa kontatzen dut"
Bi gutun bidali ditu Bergarako irakasle Libe Txintxurretak (Bergara, 1970). Bada, barne-emozioei eta ezkutuko desioei buruzko hausnarketa pertsonala den eskutitza goraipatu du epaimahaiak. Bergarar onenaren saria eskuratu du.
Zeri buruz idatzi duzu?
Maitemintze isil eta idealizatu baten istorioa kontatzen dut. Bergara-Oñati tranbia hartzen duen pertsona da, eta sentimendu sakon eta obsesiboak garatu ditu egun batean San Prudentzioko geltokian igo eta bi aldiz begiratzen dion norbaitekiko. Denboraren poderioz, bat-bateko maitemintze hori haren bizitzan zama bihurtu dela ohartzen da, eta sentimendu horietatik askatzeko beharra sentitzen du. Amaieran, gutuna Deba ibaian uzten du, Sanprubusetik igarotzean, ahanzturara iristeko itxaropenarekin.
Nork nori idatzitakoa da?
Gutuna barne-emozioei eta ezkutuko desioei buruzko hausnarketa pertsonala da; beraz, autoelkarrizketa bat da, norberak norberarentzat idatzia.
Zelakoa izan da idazketa-prozesua?
Gabonetako oporrak aprobetxatu nituen idazteko. Ez nuke esango erraz idatzi nuenik, baina bai idazteko prozesuan oso ondo pasatu nuela. Tranbiarena aspalditik buruan daukadan ideia bat da. Barruko solasak, berriz, maitasunaz hitz egiteko oso egokia dirudi.
Aldez aurretik sariketa honetan parte hartutakoa zara?
Iazko Gabonetan ere gogoratzen dut egon nintzela gutun batean lanean, ez dakidana da azkenean bidali nuen edo ez. Jardunen sariketa egokia iruditzen zait, literaturak irakurleak ez ezik idazleak behar dituelako, eta hau izan daiteke modu bat jendea animatzeko.
Pozik sariarekin? Espero zenuen?
Bueno, lehiaketa batera bidali dut; beraz, itxaropen-zirrikituren batekin bidali nuela esango nizuke. Hala ere, Jarduneko deia jaso nuenean, egia esan, egundoko ezustekoa izan zela ere esan behar dut.
Libe Txintxurretaren gutuna hemen irakurgai
Ane Zuazubiskar: "Emakume heterosexual batek gizon heterosexual bati idatzitako gutuna, estereotipo eta kanon guztiekin..."
Bertsolaria eta kazetaria da Ane Zuazubiskar Iñarra (Arrasate, 1997); estreinakoz hartu du parte Jardunen lehiaketan, eta parte-hartzaile berriaren saria irabazi du.
Zeri buruz idatzi duzu saritutako gutuna?
Gutunaren izenburua Gizon heterosexual bat maitatzea (emakume heterosexual batentzat) da. Emakume heterosexual batek gizon heterosexual bati idatzitako gutuna, estereotipo eta kanon guztiekin...
Zelakoa izan da idazketa-prozesua?
Uztailean hasi nintzen idazten... Eta gero, kolpeka joan naiz idazten... Eserialdika. Gutxi gorabehera, erdia idatzi nuen uztailean, erdia irailean... Eta gero, Maria Osesen laguntzarekin orrazten joan naiz.