Ohi bezain jator eta gertuko hartu du Estepan Plazaolak (Arrasate, 1961) GOIENA Bergarako udaletxean. Martxoan erretiratuko da 1990a ezkero lantoki izan duen Euskara Sailetik. Atzera begiratzeaz gain, aurrera begira ere jarri da: "Udaleko lana amaituko da, baina euskalgintzarekin lotura ez dut galduko bizi naizen artean".
Hasteko, zer moduz zaude?
Ondo. Lan-bizitzako azken txanpan, ordezkoa izango denari erreleboa ahalik eta ondoen emateko gogoz. Martxoan hartuko dut erretiroa, eta pozik nago, ze ordezkoa dagoeneko gurekin lanean dabil eta pentsatzen dut helburua ondo beteko dugula.
Erretiratu osterako zein asmo duzu?
Ez daukat aparteko asmorik: etxekoei tarte handitxoagoa eskaini, ariketa gehitxoago egin, euskararen edo gertuko historiaren inguruan lantxoren batzuk egin… Eskulanetan eta konponketetan ere gustura jarduten dut… Denborak esango du.
35 urte egin dituzu Bergarako Udaleko Euskara Sailean; mugarri berezirik azpimarratuko zenuke?
Izan dira une bereziak. Laneko lehen urtean, adibidez, oso garrantzitsua izan zen Jardun euskara elkartearen eta Berrigara aldizkariaren sorrera. 1995ean, Udaleko Erabilera Plan Pilotua jarri genuen martxan, Antzuolarekin batera. Oraintsuago, 2022an, enpresetan euskara bultzatzeko Harixa programa jarri genuen martxan... Baina garrantzitsuena urte hauetan guztietan finkatu den ibilbidea da. Udal Gobernuan edozein talde egonda ere, euskara sustatzeko adostasun sendoa egon da, eta horretan udal langileek ere izan duten protagonismoa azpimarratuko nuke.
Euskara teknikari hutsa izateaz harago, Bergarako euskalgintzaren erreferente bat izan zarela uste dute askok; ados zaude?
Nik beti esan izan dut zorteko izan naizela gustuko lana izan dudalako. Lana pasioz bizi izan dut, lanera gogoz eta ilusioz joan izan naiz, eta batzuetan sufritu baina beste askotan gozatu ere egin dut. Laguntza handia aurkitu dut bai Udalean, bai herrian. Ez dakit erreferentea izan naizen, baina egindakoa jende askoren elkarlana da, eta haiei denei eman nahi dizkiet eskerrak eta animoa aurrera jarraitzeko.
Nola oroitzen dituzu Jardun sortu eta osteko lehen urrats haiek?
Nire ibilbideko pozik handienetako bat izango zen. Lanean hasi eta lau hilabete pasatxora, Jardunen sorrera-ekitaldia izan genuen, eta 250-300 lagun elkartu genituen UNEDeko aretoan. Benetako aktibazio-ariketa bat izan zen, gaur egun ere eredutzat hartzekoa. Jardun bezalako elkarte bat izatea sekulako indargunea da; pozik nago urte hauetan guztietan izan dugun eta egun ere dugun lankidetzagatik.
Goiena Komunikazio Taldearen sorreran ere izan zinen; nolakoa izan zen bateratze-prozesu hura?
Oso ariketa polita izan zen. Debagoieneko euskara elkarteek, tokiko hedabideek eta udalek bat egin genuen, eta Euskal Herri mailan erreferente den proiektu bat jarri genuen abian.
2000tik 2013ra izan zinen Goienako presidente; nola ikusten duzu Goienak gaur egun egiten duen lana?
Oso lan garrantzitsua da. Horrelako komunikabide-talde bat euskaraz edo erdaraz izateak ikaragarri baldintzatzen du arlo askotako hizkuntza-jarduna: merkatariena, kultura arlokoa, kiroletakoa, udal-politikarena… Informazio hutsetik harago, sormenerako eta gozamenerako plaza garrantzitsua ere bada. Adibidez, umeentzako Kantari programak ehunka ume jartzen ditu euskarazko kantuekin gozatzen. Antzeko zerbait gertatzen da Danbakarekin. Etorkizunean ere oso garrantzitsua izango da umeak, gazteak, familiak… Goienaren komunitateko partaide aktibo izatea.