Bergarako udalbatzak Bergaran lursailak erostea onartu zuen aho batez –EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin; PSE-EEko Alberto Alonso ez zen izan osoko bilkuran–, bertako biodibertsitatea zaindu eta areagotzeko ekimenak sustateko. 2012an onartutako Biodibertsitatearen aldeko konpromisoa egikaritzeko hainbat proiektu eraman ditu aurrera Bergarako Udalak azken urteetan. 2023ko urrian emandako dekretuaren bidez, erabaki zen 30.000 euro garrantzia berezia duten eremuetako lursailen erosketara bideratuko zela, eta beste 30.000 euro lurzoru emankorra zaindu eta babestera. Hala, lehen kasurako, mendi lursailen 34 eskaintza jaso dituzte, eta bigarrenerako bat ere ez. Horregatik, 60.000 euro bideratuko dituzte garrantzia berezia duten eremuetako lursailen erosketara, eta behin behinekoz, 14 lursailen erosketa onartu dute. Baita, labore unitate minmora heltzen ez diren lau partzela bitan elkartzea ere.
Bergarako EH Bilduko bozeramaile Maite Usabiagak nabarmendu du asmo komertzial batetik harago egingo direla lur eremu horien erosketak, eta balioan jarri du joan den domekan Kukubasok Askatsun bertako 500 zuhaitz landatzea: "Azkenaldian garatzen ari garen estrategia bat da landa lurrak erostearena bertako espezie autoktonoak landatzeko, beste asmo komertzial batzuetatik harago eta biodibertsitatea zaintzeko. Estrategia bat da herritarrekin batera eramaten ari garena eta bidelaguna da Kukubaso. Bera da landaketa horiek aurrera eramaten dituena. Azken landaketa domekan izan zen, eta eurak egiten dute deialdia, haiek prestatzen dute dena eta auzolanean lortzen den zerbait da eta balioan jarri nahiko nuke hor sortzen den giroa eta auzolan hori".
Jeltzaleak alde agertu dira, baina salatu dute lursail horiek ez direla behar bezala kudeatzen. "Guk aldeko bozka eman dugu, lursailak erosteak daukan helburu positiboagatik. Baina erostetik aparte, salatu dugu, gaur egun udalaren jabetzakoak diren hainbat lursail gure ustez, ez daudela behar bezala kudeatuta edo mantenduta", azaldu zuen EAJko bozeramaile Mikel Letek.
Venezuelako mozioa bertan behera
Alabaina, eztabaida sortu zuen gaia izan zen, gai zerrendatik kanpo, Bergaran bizi den venezuelar batek aurkeztutako mozioarena. Hark eskatzen zuena da Edmundo Gonzalezek urtarrilaren 10ean egindako deialdiarekin bat egitea, baina udalbatzak ez zuen onartu, EAJk alde bozkatu arren, EH Bilduk aurka bozkatu zuelako. Mozioak jasotzen zuen onartzea "Nicolas Maduroren erregimenak burututako giza eskubideen urraketak gaitzestea; erregimenak bahitutako opositore, kazetari eta funtzionarioen askapena; adierazpen askatasuna errespetatzea; biolentzia, tortura eta beldurra arma politiko gisa erabiltzen ari diren agintariak, kargu polizialak eta militarrak nazioarteko giza eskubideen auzira eramatea, eta larderiazko erregimenak kontrolpean dituen Venezuelako kontsulatu eta enbaxadek errefuxiatu estatusa duten venezuelarrei arazo politikoengatik zailtasunak jartzen dizkietela salatzea".
EH Bilduk hartu zuen hitza, esanez, jakitun direla egoera ez dela batere erraza, baina uste dutela Venezuelako herriari dagokiola gatazka politikoa geratzea "beraien instituzioak baliatuz eta beraien arteko akordioak lotuz. Askotan, Venezuelako herriaren interesen aurka doazelako, barne gatazkak areagotzen dituztelako". Bildurendako ez da konfrontazioa elikatzeko unea, eta mozioak hori bilatzen du. Dena den, Venezuelako herriari elkartasuna erakutsi zion eta gatazka modu eraikitzailean konpontzeko deia egin zuen. "Mozioaren bueltan esan nahi dudana da, EH Bildu beti aurkeztu dela prozesu demokratikoen alde eta giza eskubideak urratzen dituen neurri guztien kontra, baina ez dugu uste mozio hau bide horretatik doanik, eta gehiago dela Venezuelan gertatzen ari den gatazka politikoa elikatze aldera eta horregatik bozkatu dute aurka", gaineratu zuen Usabiagak.
Harriduraz hartu zuen EAJk EH Bilduren ezezkoa. Jeltzaleek salatu dute Maduroren gobernuak ez dituela argitaratu hauteskundeen “emaitza zuzena” eta Gonzalez Urrutiak irabazi zituela hauteskundeak. Azpimarratu dute ez dela eskuin edo ezker kontua: "Guri oso larria iruditzen zaiguna da duela sei hilabete ospatutako hauteskunde batzuk, oraindik, hauteskunde horien emaitza zuzenak Nicolas Madurok zuzentzen duen gobernuak ez dituela bermatu, argitaratu… Orduan, Venezuelako oposizioak salatzen duena da hauteskunde horiek ez dituela Nicolas Madurok irabazi, baizik eta oposizioak. Guk uste dugu hori horrela dela. Gero, pentsatzen dugu hau ez dela eskuin-ezker kontu bat, baizik eta demokrazia kontua da eta, guk kasu honetan, salatzen duguna venezuelarrek daukatela eskubide osoa beraien herrian libre eta ilusioz bizitzeko eta elkarbizitzan. Uste dugu gaur egun dagoen gobernuaren erregimenak ez dituela eskubide askatasun horiek ahalbidetzen eta horregatik alde bozkatu dugu. Baita ere, harriduraz hartu dugu EH Bilduren kontrako botoa. Hau ez da ezker-eskuma baizik eta eskubideen eta demokraziaren aldeko apustua da. Guk horren alde beti egingo dugu erregimen bat izan edo beste kolore batekoa izan".