2025etik 2030era arteko Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Arloko Plan Estrategikoa lantzen ari da Udala, herriko honako eragile hauekin: kirol elkarteak, eskola kiroleko koordinatzaileak, Agorrosin kiroldegiko erabiltzaileak, osasun zentroko langileak, elkarte sozialak eta Udaleko teknikariak. Udaleko Kirol zinegotzi Olatz Manuelen arabera, abiatu berri den planean berria "iparrorratza" izango da: "Jarduera fisikoa eta kirola sustatu nahi ditugu herrian, eta, horretarako, ildo batzuk markatu nahi ditugu. Hala, kirol eragileekin elkartu gara, gaur egun dauden hutsuneak eta beharra identifikatzeko. 39 pertsona izan ditugu bidelagun orain arte, eta heldu da ordua orain arteko lanketa herritarrei ere aurkezteko".
Eguaztenean egin zuten bilera ireki hori, udaletxean, 30 bat herritarrekin batera. "Herritarren ekarpen horiek jasoko ditugu, eta gero, arlo teknikoan eta politikoan egingo dugu kontrastea; horren arabera zehaztuko ditugu helburuak eta helburu horiek lortzeko ekintza zehatzak. Ekintza zehatzekin jarriko gara baliabideen araberako lehentasunak zehazten ditugunean".
Ekipamenduetako beharrak
Eguaztenean herritarren aurrean egindako aurkezpenean azaldu zutenez, diagnostikoaren prozesuan parte hartu dutenek honako behar hauek identifikatu dituzte kirol ekipamenduei dagokienez, besteak beste: kirol elkarteek bigarren kantxa bat behar dute; Agorrosingo gimnasioa espazio inklusiboa izateko lanketa egin beharko litzateke, emakumeek era erabili ahal dezaten; Labegaraietako kiroldegiko harrera-zerbitzua hobetu beharra dago; instalazioen mantentzerako plangintza bat behar da; eta instalazio guztietan irisgarritasuna bermatu beharra dago.
Herritarren inplikazioarekin "pozik", Manuelek argi du zein den azken helburua: "Herri aktiboa nahi dugu, adin eta kolektibo askotariko herritarrak kirol praktikara hurbiltzea, eta Udaletik sustapen lanik eraginkorrena egiten saiatuko gara".