Herri Ekimen Legegilea babesteko sinadurak biltzen hasi da Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua

Mireia Bikuña 2025ko urt. 14a, 13:15

Pentsioen Sistema Publikoaren alde egindako borrokaren zazpigarren urteurrenarekin batera, "pentsioak osatzeko euskal sistema bat sortu" nahi dute. EAEn bizi diren eta erroldatuta dauden 60 urtetik gorako pentsiodun guztiei, ofizioz, gutxieneko diru-sarrera duinak bermatzeko, Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren % 100aren baliokidea eta gutxieneko pentsioetan dagoen genero-arrakala murrizteko. 10.000 sinadura behar dituzte Herri Ekimen Legegilea (HEL) Legebiltzarrean eztabaidatu eta bozkatzeko.

Bergaran, Oñatin, Arrasaten eta Antzuolan egindako elkarretaratzeetan Legebiltzarrera eraman gura den Herri Ekimen Legegilea aurkeztu dute. Bereziki emakume pentsiodunen diru-sarrerak hobetuko ditu HEL berriak. "EAEn, hiru pentsiodunetik batek LGStik beherako diru-sarrerak ditu, eta % 70 emakumeak dira; gehienek 850€ baino gutxiago irabazten dute hilean, eta kopuru hori ez da nahikoa duintasunez bizitzeko. Lan-diskriminazioak eta adingabeen eta mendeko senideen zaintza-lanetan aritzeak azaltzen dute zergatik dituzten emakume pentsiodunek diru-sarrera txikienak", jaso dute Legebiltzarreko prentsa-aretoan egindako aurkezpenean.

Pentsionista bakoitzak pertsona bakarreko unitate ekonomikotzat hartzeko eskubidea izatea ere planteatzen dute. "Pentsioen osagarria bizikidetza-unitatearen diru-sarrerek baldintzatzen dutenean, barne-desberdintasunik ez balego bezala, emakumea zigortu egiten da eta desagerrarazi beharreko sostengatzaile maskulinoa eta mendeko bikotea duen familiaren kontzeptua indartzen da".

Apirilaren 24ra arte

Beraz, sinadurak bilduko dituzte astelehenetan EAEko herrietan egiten diren 80 kontzentrazioetan. 18 urtetik gorako herritar guztiek dute Herri Ekimen Legegilea sinaduraz babesteko aukera.

Apirilaren 24ra arte jasoko dituzte sinadurak. Herri Ekimen Legegilea urriaren 30ean eramango dute Eusko Legebiltzarreko Mahaira.

Hitzaldia Bergaran

Bestalde, Herri Ekimen Legegileari buruzko xehetasun guztiak emateko hitzaldia egingo dute Bergarako Seminarixoan, hilaren 21ean. Jesus Soubies adituak egingo du berba, eta interesa duten herritar guztiendako hitzordua da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak