DANBAKAST

Apurtzaileen eta ausarten gaua

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko abe. 20a, 08:02

Eskualdean ohikoak ez diren musika proposamenak izan ziren Danbakaren azken kanporaketan protagonista, musikari askotako taldeen eta bakarlari baten eskutik.

Urriaren 25ean abiatutako seigarren Danbaka Musika Lehiaketaren azken dastatze gaua izan zen egubakoitzekoa. Aurreko hirurak bezala, eskualdean dagoen musika eszena anitzaren erakusle garbia eta interesgarria.

Ondare, Maider Mimi, 721-Gogor Gabiltza eta Banana Shake izan ziren lehian

Zale asko joan ziren Seminarixora euren musikari kuttunak babesteko gogo handiz, baita eskualdeko bestelako proposamenak gertutik ezagutzeko irrikaz ere. Hogei urtetik gorako ibilbidea duen DJ Balza –Asier Balzategi– bergararraren ardura izan zen chill out gunea girotzea, eta lortu zuen, haren ohiko errepertoriotik harago rock diskoak ere erabilita.

Ezohiko rocka, hasteko

Arrasateko Ondare taldea izan zen barruko agertokira igotzen lehenengoa. Bigarren kontzertua zuten, eta lehenengo jotzea ez da erraza. Urduri zeuden, baina publikoari gerturatzeko eskatu, eta haren feedback onarekin bultzada jaso zuten. Zaila da egiten duten musika entzuteko, melodia gutxikoa eta erritmo ezberdinekoa. Gertuko duten 90eko hamarkadako Arrasateko El Desvan del Macho taldearen aztarna dute.

Maider Mimik –Maider Treviño– hartu zuen lekukoa. Ausarta izan zen agertokian. Agertokia "mezu indartsuak transmititzeko" erabili nahi zuela esan zuen aurkezpen-bideoan, eta hala egin zuen. Bullying-a, osasun mentala eta bortxaketa baten kontakizuna eroan zituen, esaterako; batzuetan gitarrarekin eta beste batzuetan back-track-arekin, abestutako kantuetan. Emozionatu egin zen une batzuetan, eta publikoko askok bat egin zuten.

Talde jendetsuak bigarrenean

Danbakako aldi guztietan egon da, orokorrean, kuriositate berezia sortu duen talde bat, eta oraingoan asko izan dira Aretxabaletako 721-Gogor Gabiltza-ren traparen eta punkaren nahasketa ikusteko gogoa zutenak. Herrian bi kontzertu emanda, gogotsu igo ziren taldekideak agertokira. Ikusgarriak dira instrumentu asko dituzten taldeak; DJaz gainera, tronpeta, baxua, bateria eta gitarra-joleak dituzte, euren artean feeling ona duten bi abeslarik lagunduta. Proposamen interesgarria izan zen, baina motz geratu zena; emanaldiaren erdian egin zuten musikaririk bako bi abestien uneak moteldu egin zuen publikoko askoren arreta.

Musika dibertigarria egin zuen Arrasateko Banana Shake seikoteak, gaua borobiltzeko. "Punk sinfonikoa", taldekideen esanetan. Ikusleak eskertzen du emanaldi batetik bestera instrumentu ezberdinak agertzea, eta ondo hartuak izan ziren Arrasatekoen tronboiaren eta tronpetaren doinuak, dantzarako gonbidapena eginda.

Urtarrilaren 17an finala

Kontzertuak bukatuta eta hamasei proposamenen zuzenekoak ikusita, epaimahaikideen lanak errespetua ematen zuela komentatzen zuten askok aretotik irteteko unean. Bada, erabakia hartu dute. Epaimahaikideek banatuko dituzten sariez gainera, Publikoaren Saria ere badago; edonork eman dezake botoa Danbaka.eus eta Goiena.eus atarietan.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak