Saiekori irabazita, goiko postuetan jarraitzen du Goizper Bergarak

Txomin Madina Milikua 2024ko abe. 1a, 18:34

Gipuzkoako Jubenil Emakumezkoen Txapelketako bigarren faseko laugarren jardunaldian 37-21 irabazi diete bergararrek donostiarrei.

Zenbakiei begiratu ezkero, esan daiteke Goizper Bergarako neskek aise irabazi dietela Saiekokoei. Atsedenera 19-11 emaitzarekin joan dira eta bigarren zatian aldea mantendu bakarrik ez, handitu ere egin dute, partidua 37-21 amaitu delarik.

Dena den, Asier Eguren bergararren entrenatzailearen hitzetan, hasieran kosat egin zaie partiduan sartzea: “Bagenekien haiek pare bat jokalari onak zituztela eta korrika asko egiten zutela, eta hasieran ezin izan dugu hori moztu. Baina denbora pasatu ahala hobetzen joan gara, haiek nekatu egin dira eta aldea hartzen joan gara”. Gaineratu du bigarren zatian Goizper Bergarakoak hobeto ibili direla eraso estatikoan eta Saiekokoek igarri dutela haien taldean jokalari gutxiagorekin ari zirela.

Partiduaren gakoaz galdetuta, argi erantzun du Egurenek: “Jokalari denek egin dute ekarpenen bat. Ez dago onena den eta partiduak irabazten dizkigun jokalaririk; hamar pertsonak behar ditugu partiduak irabazteko eta talde bat gara. Denok egiten dugu ekarpena, bai defentsan eta baita erasoan”.

Sailkapenean, bigarren

Gaurko garaipenarekin, Gipuzkoako Jubenil Emakumezkoen Txapelketako bigarren faseko sailkapeneko bigarren postuan segitzen du Goizper Bergarak, lehenengo dagoen ID Trans Bidasoa Irun taldeak baino partidu bat gutxiago jokatuta. Bederatzi talde ari dira fase hori jokatzen.Asier Egurenek dio bolada onean dabiltzala eta helburua hurrengo partidua ere irabaztea dela, jomuga moduan igora fasea jokatzea jarrita.Hernaniren kontra jokatuko dute hurrengo jardunaldian bergararrek.

Bigarren fasean jokatzen dabilen beste Debagoieneko taldeak, Lana Aloña Mendik, atsedena izan du asteburu honetan. Hurrengo jardunaldian Garaje Axiri Pulpo izango du aurkari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak