Bergarako Seminarixoa aretoan egin zuten Arnasetik bideo sormen lehiaketako sari banaketa, atzo. LHko 5-6 kategorian Bergarako Udalak emandako saria eskuratu zuten Aranzadi ikastolako Txokorako bidean izeneko laneko egileek. DBHko 2-3 kategorian, berriz, Bergarako lanik onenaren saria jaso zuen Mariaren Lagundia ikastolako ikasleen Nor miresten duzu zuk? lanak.
Txokorako bidean izeneko ikus-entzunezkoak Sara Ezenarro, Labrit Alvarez, Ilargi Loiola, Lur Ibarguren, Irati Ortiz de Urbina eta Bidane Oteiza ditu protagonista. Boskoteak herriko txokorik gustukoena zein den aurkezten du ikus-entzunezkoan, eta azaltzen dute zergatik duten hain kuttuna.
Mariaren Lagundia ikastolako Nor miresten duzu zuk? lanaren egileak Maialen Agirre, Oihana Bolinaga, Nora Gisasola, Naia Murgiondo, eta Lur Mendieta dira. Banan-banan azaltzen dute nor miresten duten, eta miresten duten pertsona horri ematen diote eskuz esku darabilten koloretako kutxa bat. Kutxa horretan gordetzen dituzte denen argazkiak.
Hirugarren urtez jarraian antolatu dute bideo sormen lehiaketa Arnasa Gara proiektua bultzatzen duten erakundeek: UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimena da, eta bi minutuko bideoak sortu dituzte ikasleek. Kategoria bakoitzak gai jakin bat zuen jarrita: Txokorako bidea (LH 5-6), Prestatu nirekin (DBH 1-2) eta Bosteko katea (DBH 3-4) izan dira hiru gaiak. Parte hartzea handitzen doa urtetik urtera: iaz, 112 lan jaso zituzten; eta aurten, 260. "Hiru urte besterik ez du lehiaketak, baina oso gustura gaude jasotako erantzunarekin. Lan asko jaso genituen iaz, eta aurten are gehiago. Iaz baino 148 gehiago!", adierazi du UEMAko lehendakari Martin Aramendik.
UEMAko ordezkariak nabarmendu du lehiaketak harrera ona izan duela hasieratik udalerri euskaldunetako eskoletan eta gazteen artean. "Hasieratik errotu da, eta asko pozten gaitu horrek. Proposatutako ariketak mimoz landu dituzte ikasleek, eta lau haizeetara zabaltzeko moduko edukia sortu dute denen artean". Hain zuzen ere, lan guztiak ikusgai daude Arnasagara.eus atarian.
Arnasguneen garrantzia
Euskararen arnasguneek duten garrantzia zabaltzea ere bada Arnasetik bideo sormen lehiaketaren helburua. "Azken batean, arnasguneak giltzarriak dira euskararen biziberritzerako, eta hori ikusaraztea da lehiaketaren helburua. Udalerririk euskaldunenetan eta arnasguneetan ere giltzarria da herritarren sentsibilizazioa eta kontzientziazioa euskarari eusteko, eta horretan eragin nahi du lehiaketak", esan du Aramendik. "Hiztun komunitate sendo bati esker, euskaraz modu naturalean bizi daitezkeen udalerriek dute arnasgune izendapena, eta funtsezkoak dira Euskal Herri euskaldunagoa lortzeko".
Ikus-entzunezkoen lanketa
Lehiaketaren bitartez euskarazko ikus-entzunezkoak sortzeko gaitasuna lantzen dute ikasleek eta, bide batez, haien inguruan dauden irakasleek eta gurasoek. "Bestetik, kategoria bakoitzean proposatzen diren ariketak aukera polita dira tokian tokiko ondarea aintzat hartzeko eta gainerako euskal herritarrei erakusteko. Lehiaketa horri esker, Bergarako txoko bat, jai bat, esamolde bat edo ohitura bat Euskal Herriko gainerako gazteengana iristen da, eta sare hori sortzeak garrantzi handia du", ohartarazi du Aramendik.
Bultzatzaileek argi dute gaur egungo gazteen komunikazio-hizkuntzara heltzeko teknologia berrietara egokitutako proposamenak lantzea ezinbestekoa dela, eta askotariko teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gaiak lantzen saiatzen dira. Asmoa bada gazteen etorkizunerako begirada sortzaileak piztea ere.
Gazteak ahalduntzea
Lehiaketako bultzatzaileendako garrantzitsua da gazteak ahalduntzea, "euskarari eusteko eta hizkuntza-ohituretan eragin" ahal izateko. "Euskara ez da beste hizkuntza bat gehiago. Bertako hizkuntza da, berezkoa, eta urte askoan jazarria eta gutxitua izan dena. Horrek ondorioak ditu. Hizkuntzak ez dira boligrafoak bezala galtzen, arrazoi zehatzengatik baizik. Horregatik, hori guztia ezagutarazi behar zaie gazteei, hizkuntzaren egoeraren berri emanez. Arnasetik lehiaketa gazteen kontzientziazio horretan eragiten duen beste bitarteko bat da". Hala, lehiaketaren helburua ez da soilik ikus-entzunezko sormena sustatzea, baizik eta gazteek beren komunitateetan euskararen babesean jokatzen duten paperari buruzko hausnarketa sortzea. Atzoko ekitaldian saria jaso zuten baita ere Berriatua, Lekeitio, Lesaka, Zumaia, Azkoitia, Gaztelu, Zarautz, Ondarroa edo Zalbidiako ikasleen ikus-entzunezkoek.
Sarituak
LH 5-6
- • Irabazlea: Elizpeko arbola (Berriatua HLHI).
- • Bergarako Udalaren Saria: Txokorako bidean (Aranzadi ikastola).
- • Finalistak: Lekeitioko abadien moila (Azkua Natura Ikastola) eta Lesakako txokorik politenak (Irain Eskola Publikoa).
DBH 1-2
- • Irabazlea: Gabon maiteak (Azkoitia BHI).
- • Finalistak: Olagarro Eguna (Zumaiako institutua) eta Gazteluko festak (Orixe, Tolosa).
DBH 3-4
- • Irabazlea: Leokadi (Ondarroa BHI).
- • Finalistak: Kate exotikoa (Salbatore Mitxelena ikastola, Zarautz) eta Ondarrokoa bosteko kati (Ondarroa BHI).
- • Bergarako irabazlea: Nor miresten duzu zuk? (Mariaren Lagundia ikastola, Bergara).
Publikoaren saria
- • Txokorako bidea. (Lardizabal Herri Eskola, Zaldibia).