Bergarako Udaleko, Stoltz Freres Organoaren Lagunak elkarteko eta San Pedro parrokiako ordezkariek eta organoa berritzeko lanetan ibili diren Adrien Parret harmonistak eta Artez estudioko Maite Fernandezek agerraldia egin dute gaur organo berritua estreinatzeko antolatu dituzten ekitaldien berri emateko.
Hala, Aitor Olea San Pedro elizako organo-jole titularrak kontzertu ofiziala eskainiko du abenduaren 8an, domeka, 18:00eta hasita. Modu horretan, borobilduta geratuko da organoa berritzeko duela hamasei urte hasitako prozesua. Emanaldirako sarrera doakoa izango da.
Organoaren bueltako bestelako ekintzak
Baina egun horretan bertan ere egongo dira organoaren bueltako bestelako ekitaldiak. 11:00etan, erakustaldia egingo dute Areantzako Kanpai-Joleen eskolakoek, eta 12:30ean organoa bedeinkatzeko meza egingo dute.
Horretaz gain, abenduaren 5ean hitzaldia egongo da organoaren zaharberritzeaz arduratu diren Michel Jurine eta Artez enpresako ordezkariek.