Urtarrilaren amaieran hasiko dituzte Barrenkalea urbanizatzeko lanak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko aza. 20a, 13:27

Barrenkalea berriro urbanizatzeko lizitazio prozesua martxan, atzo arratsaldean aurkeztu zuen Bergarako Udalak lanen proiektua Barrenkaleko komertzio, taberna eta bizilagunen aurrean. Udalak aurreratu duenez, "segurtasun handia ematen duten eta Bergara ondo ezagutzen duten" bi enpresa aurkeztu dira eta abenduaren amaieran jakinaraziko dute zein enpresari esleitu zaizkion lanak.

Aurreikuspenen arabera, urtarrilaren amaieran hasiko dituzte Barrenkalea urbanizatzeko lanak. 2017an BEB Arkitektoak SLk idatzitako proiektua du oinarri eta 1.600.570,26 euroko exekuzio-aurrekontua du –BEZa barne–. Hamar hilabeteko epea izango du enpresak lanak garatzeko. Urtarrilean aurkeztu zuen Bergarako udal gobernuak legealdiko plana eta helburuetako bat zen alde zaharraren eta bertako komertzioen biziberritzea. Gorka Artola Bergarako alkateak adierazi du hori dela eta, 2025era aurreratu dutela proiektuaren garatze-epea.

Hala, adierazi du planifikazio ekonomikoa "nabarmen" aldatuko duela: "Inbertsio handienak hurrengo urtean egin beharra dago. Udalaren mugak direnak izanda, horrek eskatzen du aurrekontuei begira zorpetzeko planteamendua egitea. Uste dut zentzuzkoa dela. Azkenean, halako proiektu estrategikoak kontzentratzen badira, epe batzuetan horrek eskatzen du beste finantziazio modu bat garatzea".

Irisgarritasuna hobetzea helburu

2017ak idatzitako proiektutik 500.000 euro garestitu da aurrekontua Bergarako Udaleko arkitekto Leticia Alvarezek adierazi duenez, proiektua berrikusi eta hobekuntzak nahiz aldaketak egin dituztelako. Barrenkalea koskarik gabeko kale bihurtuko dute; hau da, espaloiak eta errepidea uniformeak izango dira. Alde banatan, 1,2 metroko baldosazko espaloiak izango ditu, eta errepidean adokina jarriko dute.

Adokinaren gaiak zalantzak sortu ditu bizilagunen artean, Artekalen gorabeheraren bat edo beste sortu duelako, besteak beste. Horregatik, Alvarezek nabarmendu du "gaizki egindako gauzetatik ikasi" dutela, eta, Barrenkaleko adokina berreskuratzean adokinak moztu egingo dituztela: Halaber, proiektuan kareharrizko adokinak jasota badaude ere, beste aukera bat da granitoa erabiltzea. Erabaki gabe dago ze material erabiliko duten. Gorka Artolak gehitu du bistara, Artekaleren itxura hartuko dutela Barrenkaleak, baina materiala Konbenio kalearen estilokoa izango dela.

Egino Mallea plazako harria kentzea aurreikusten zuten, baina azkenean, mantendu egingo dute.

Lanen faseei dagokienez, kontratatutako enpresarekin zehaztuko dute, baina argi utzi du Bergarako Udalak jarri duen baldintzetako bat izan dela kale horren irisgarritasuna bermatzea: "Fase guztietan jakinarazi beharko digute sarrera-irteerak nolakoak izango diren".

Azpiegitura berriak

Bestalde, instalazio guztiak berrituko dira, eta uraren-saretzea, esaterako, bikoitza egingo dute: "Uraren saretzea bikoitza da. Azkenean, batek ez badu funtzionatzen bestearen saretzetik joatea ahalbidetzen du. Drainaje-sistema planteatu zenean, sistemak Barrenkalea soilik jasotzen zuen. Ikusita alde zaharreko euri-ura eta saneamendua sistema bakarretik doazela lanketa orokorra egin dugu hartzen dituena San Martin plazatik, Konbenio kaletik eta Bidekurutzetatik etorriko direnak etorkizunean. Horregatik, planteatu dugu banaketa. Orduan, proiektuan drainajea aldatu egiten dugu, eta 800etik 1000ra bitartean eta sakonera bi metrotik gora". Besteak beste, argiteria ere aldatuko dute.

Kale berezia da Barrenkalea arkeologia eremua delako. Dagoeneko, badute Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena eta Aranzadiko arkeologo batek ikuskatuko ditu lanak: "Aranzadi daukagu kontratatuta ikusketa horiek egiteko, orduan obran zehar, zanjak zabaltzen direnean, arkeologoa egongo da. Beste instalazio batzuk aurkitzea baino ez dugu aurreikusten".

Herritarrei zerbitzua

Udaletxeak Zubieta kaleko lanekin egin zuen modura, etxebizitza guztiei akta notariala jasotzeko eskaintza luzatu die. Gorka Artolak nabarmendu du udaletxeko ordezkariak nahiz notarioa hurbilduko direla etxebizitzetara akta notarialak jasotzera "gerora begira zerbait gertatzen bada ere".

Hala, badute asmoa enpresaren eta udaletxearen arteko bitartekari bat izendatzeko harreman zuzena izango duena bi erakundeekin eta jakinaraziko duena fase bakoitzean hartuko diren neurriak. Halaber, baloratu dute herritarrei begira, arreta bulegoa jartzea.

San Martin plazako lanak

Herriko plazak ere badu garatuta Vaumm Arkitektura enpresak 2019an idatzitako proiektua. Lan horiei buruz honakoa adierazi du Gorka Artolak: "Asmoa bada Plazaren proiektua solapatzea Barrenkaleko lanekin, baina ikusiko dugu exekuzioak eta finantziazioak zelan baldintzatzen duten. Efizientzia terminoetan dudarik gabe onena izango litzateke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak