Goenkalerekin hasi ziren Bergarako alde zaharra urbanizatzeko lanak. 2005ean egin zituzten Arruriaga eta Artekalea kaleak urbanizatzeko lanak. 2008an, berriz, San Pedro kalea; eta datozen hilabeteetan egingo dituzte Barrenkalea, San Martin plaza eta Bidekurutzeta urbanizatzeko lanak. Bergarako Udal Gobernuaren 2027ra arteko helburuen artean proiektu garrantzitsuenetako bat da Barrenkalekoa, eta badirudi hilabete gutxi barru hasiko direla lanean.
"Proiektu hau lotuta dago erabat komertzioa eta alde zaharra biziberritzeko helburuarekin. Ez da kasualitatea plazaren eta Barrenkaleren berritzea planteatzea orain, alde zaharra suspertzea estrategiko ikusten badugu baditugulako aurrez egin beharreko etxerako lanak; horregatik, agintaldi hasieran ekingo diogu obra horri, agintaldiko bigarren partean ekimenak antolatu ditzagun; Bidekurutzetako esku-hartzeak aurrerago etorri beharko luke", zioen Bergarako alkate Gorka Artolak, martxoan, Goiena telebistako Harira saioan.
Lanen lizitazioa martxan da
Bergarako Udalak dagoeneko lehiaketara atera du Barrenkalea urbanizatzeko lanen lizitazioa, eta interesatuta dauden enpresek azaroaren 18ra arte izango dute aukera euren proposamenak aurkezteko. 1.600.570,26 euroko exekuzio-aurrekontua du –BEZa barne– eta lanak 2025eko urte hasieran hastea aurreikusten da. Obrak egiteko epea lanak hasi eta hamar hilabetera amai- tuko da, lizitazioaren pleguan jasota dagoenaren arabera.
Bergarako BEB Arkitektoak SLk 2017an idatzitako proiektuan oinarrituta egingo dituzte berritze lanak, San Martin plazatik hasi eta Masterreka kalearekin elkartzen den arte, hiru zatitan banatuta. Lehen zatiak Barrenkalea hartzen du, Irizar kalearekin eta Arrese kantoiarekin bat egiten duenetik Masterrekaraino; bigarrena, San Martin plazatik Irizarrekin bat egiten duen tokira; eta hirugarrenak Egino Mallea eraikinaren plaza eta Irizar jauregiko lorategiarekin duen lotura hartzen ditu.
Irisgarritasuna hobetzea
Bergarako Hirigune Historikoa Birgaitzeko Plan Berezian zehaztutako diseinu-irizpideei jarraituz egingo dira urbanizazio lanak. Artekalearen antzeko itxura izango du eta koskarik gabeko kalea izatea planteatzen dute BEB Arkitektoek. Kalearen alde bakoitzean espaloia markatuko da, erdian galtzada izanda.
Gainera, gaur egun Barrenkaleko atarietako eta komertzioetako sarreretan dauden desnibelak "ezabatzea edo, behintzat, gutxitzea" da asmoa. Egino Mallea plazan ere gauza bera egitea aurreikusten da. "Plaza horretako merkataritza-lokaletara sartzeko mailak kendu dira, eta, horretarako, harmaila berriak sortu dira, eta lokal horien aurrean eta Irizar jauregiko lorategietatik gertu dauden eremuetan urbanizazio-kotak aldatu dira. Horiek ere egokitu egin behar dira. Barrenkalea kalearen eta Egino Mallea plazaren arteko desnibela kendu da", jasotzen du proiektuak. Egino Mallea plazara sartzeko koskak ere kentzea proposatzen dute, eta Barrenkaleko azpiegitura-sareak berritzea.
Halaber, materialari dagokionez, nahiz eta hasierako proiektuan lurreko harlosak kareharrizkoak izatea planteatu, 2024ko urriaren 14ko aurrekontu eguneratuan jasotzen da granitoa erabiliko dutela. "Baina galtzada-harrirako "aldaera" bat planteatzen da. Kaletik berreskuratu ondoren, erditik moztea planteatzen da, aurpegi guztiz laua lortzeko. Hori izango da ikusten den aurpegia, eta, beraz, galtzada-harriaren zimurtasuna eragiten duten irtenguneak saihesten dira", dago jasota proiektuan. Beraz, Artekale eta San Pedro kaleen itxura izango du.
Granitoa jartzeaz gain, beste bi proposamen gehitu dituzte: "San Martin plazatik hasita Arrese kantoiraino, gutxienez, DN800eko euri-uren hodia jartzea proposatzen da. Haren hasierako kota San Martin plazatik etorriko den hodiarekin konektatzeko prestatuta utziko da. Arrese kantoitik Boluko ubideraino, gutxienez, DN800eko euri-uren hodia jartzea proposatzen da, Koldo Eleizaldetik eta Artekaletik etortzen diren euri-urabatzen direlako".
Plazaren proposamena, hautatuta
2019ko martxoan San Martin plaza eraberritzeko proposamenak jendaurrean aztertu, eta Bergarako eragile nahiz herritarrek ekarpenak egin zituzten. Proposamen haietatik, Vaumm Arkitektura enpresak diseinatutakoa hautatu zuten. Plazari berrantolaketa berria egin eta espazioak hobeto erabiltzea proposatu zuten, guztia altuera berean jarriz eta alde zaharrarekin erabat ezkonduz; gainera, plaza inguratuz herriko historiari buruzko aipamenak gehituta. "Herritarrek eta eragileek ez dute gaur egungo plaza askorik aldatzea nahi; eta bat egin dute plazari bizitasun eta argitasun handiagoa ematearekin; autoen presentzia murriztearekin eta ondare gisa zaindu eta erabiltzeari", zioen orduko Udal Gobernuak (EAJ). Vaummek GOIENAri adierazi dio 2022an entregatu ziola Bergarako Udalari San Martin plazaren exekuzio-proiektua.