1999ko maiatzean sortu zen ofizialki Bergarako Athleticzaleak batzen dituen lagunartea. Peña mahonera moduan izendatu nahi zuten ofizialki, baina, izen hori hartuta zegoenez, Los gabarreros moduan dago jasota ofizialki. Izenak izen, baina, izana da garrantzitsuena; Athleticekiko sentitzen duten pasioa, alegia. 60 bat lagunekin abiatu zuten lagunartea eta gaur egun 130 bat bazkide dira.
Goikoetxea eta Maradona
Athletic pasioz bizi dutela argi geratu zen lagunartearen 25. urteurrena ospatzeko Artatse elkartean egindako ekitaldian. Bergarako eta bailarako hainbat zale zurigorri bertaratu ziren, ume zein heldu, euren bihotzeko taldeko ordezkariei harrera egin eta berotasuna adierazteko. Umeek zein helduek baliatu zuten aukera eurendako erreferente direnei sinadurak eta argazkiak eskatzeko. Gaur egun lehen taldeetako jokalari diren Leire Baños, Ane Elexpuru, Adama Boiro eta Alex Padilla jokalariak etorri ziren, baita klubaren ordezkari instituzionala den eta 1980eko hamarkadan jokalaria izan zen Andoni Goikoetxea ere.
Maradona lesionatu zuela 40 urte pasatu berri direla gogoratu zioten Goikoetxeari, eta gabarra bat oparitu zioten. Goikoetxeak esker onez jaso zuen oparia, eta Athleticen filosofia berezia izan zuen hizpide; besteak beste, "munduko talde onena" dela esan zuen. Eguazteneko ekitaldian, gogoan izan zituzten hildako bazkideak, eta behin eta berriz ere aipatu zuten Bergara txuri-urdina izanik eremu oldarkorra dela Athleticzaleentzat, baina gogora ekarri zuten Gipuzkoan hemeretzi direla Athleticek dituen lagunarteak. Hain zuzen ere, egoera hori bizi du lagunarteko kide Mikel Gomezek, familiatik hasita: "Athleticzale bakarra naiz familia osoan, ardi beltza. Baina oso harro eta pozik nago zuri-gorri izateaz".