Gipuzkoako Elikagai Bankuak hilaren 22an eta 23an egingo du azaroan egin ohi duen elikagai bilketa handia, eta Debagoieneko komertzioetan egongo da aukera janarien eta bonuen dohaintza egiteko. Alabaina, datorren asteko bilketan boluntario lanak egiteko dei egin diete debagoiendarrei Bergarako Elikagai Bankuko biltegikoek.
Boluntarioetako bat da Iñaki Uriarte, eta azaldu du beti behar izaten dutela jendea askotariko lanak egiteko: "Herritarrek emandako produktuak kaxetan sartu behar izaten dira, jendea animatu behar izaten da euren ekarpena egitera, poltsak banatzen ditugu... Lau ordu izaten dira, gutxi gorabehera; zenbat eta jende gehiago badago, hobeto".
Jeneroa eta bonuak
Janaria emanda edo Elikagai Bankuak adierazitako produktuekin egin daiteke ekarpena bilketan, eta balio handia eman die ekarpenei Uriartek: "Dena dator ondo. Batez ere, galtzen ez diren produktuak. Haurrendako produktuak eta higienerakoak ere asko eskertzen dira".
Halaber, bonuak erostea da beste aukera bat, eta, Uriarteren arabera, geroz eta herritar gehiagok egiten dute hautaketa hori: "Soluzio ona da. Horrekin, behar dugun jeneroa behar dugun unean hartzen dugu". Herritarrek oraingo honetan ere "ondo" erantzungo dutela uste du hark.
Valentziari ere laguntza
Azaroko bilketa, era berean, berezia izango da; izan ere, Gipuzkoako Elikagai Bankuak ere lagundu nahi die tanta hotzak kaltetu dituen herrietako bizilagunei, eta, horregatik, datorren astean jasotakoaren zati bat Valentziara bidaliko dute. "Valentziako Elikagai Bankuarekin hartu-emana izan dugu, eta jasotakoaren zati bat haiei emango diegu. Ez dugu berehala bidaliko. Eurek eskatzen dutenean bidaliko dugu eskatzen dutena", gaineratu du Uriartek.
Era berean, Gipuzkoako Elikagai Bankuak eskatu die Valentziara bidaltzeko janariak jasotzeko gune diren edo izan direnei eta kudeatzeko laguntza behar dutenei Elikagai Bankuarekin harremanetan jartzeko.
Boluntariotza urtean zehar
Debagoieneko, Debabarreneko, Goierriko eta Urola inguruko bilketak Bergaran kudeatzen dira, eta egunerokotasunerako ere boluntarioak behar dituztela azaldu du Uriartek: "Ez da hainbestekoa lana hona etortzea. Eskatzen dena da astean behin etortzea. Animatzen direnak ongietorriak izango dira".