Lehen Adin-adin izenarekin ezaguna zen proiektuak bederatzigarren edizioa bete du aurten eta egitasmoaren helburua da bertsolaritzaren bidez adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta gaitasun kognitiboak sustatzea, bertsolaritza euskal kulturaren adierazpenik garrantzitsuenetako bat dela kontuan izanda.
Atzo Bergarako Mizpirualde egoitzan izan ziren Ainhoa Agirreazaldegi eta Andoni Egaña bertsolariak eta biek nabarmendu zuten saio horiek bereziak izaten direla eurentzat ere.
Mizpirualdeko egoiliarrek bertso bidez egin zieten ondo etorria Agirreazaldegiri eta Egañari eta bi bertsolariek kantuan azpimarratu zuten haientzat ez dela batere ohikoa bertsoak bota aurretik bi txalo zaparrada jasotzea. Bertsolaritza egoiliarren errutina apurtzeko modu ezin hobea dela argi geratu zen atzo ere.
Hurrengo geltokiak Debagoienean
Bihar, azaroak 7, Arrasateko Iturbide egoitza bisitatuko dute Maider Arregik eta Angel Mari Peñagarikanok eta etzi, azaroak 8, Aretxabaletako GSR Debagoiena egoitzan egongo dira Peñagarikano bera eta Ane Zuazubiskar arrasatearra.