Seminarixoaren kanpoaldean bildutako musikazaleengan gogoa sumatzen zen. Aretxabaletako kuarteleko DJ Joe Piemanen zuzeneko soinuek chill out gunean egindako harrerarekin areto barrurantz murgiltzen joan ziren poliki-poliki. Iruditeria soil baina aldi berean elegantearekin atondutako aretora sartu ahala, kamera eta bestelako azpiegiturekin harrituta asko. Kuadrillako zein aspaldi ikusi bako lagunekin berriketa onean, lehiaketak ekarriko zuenaren zain.
Bien bitartean, oihalaren bestaldean lau taldeak dena emateko gogoz, baina lagun giroko lehiakortasuna sumatzen zen, Korda Rotako Aitor Alegrek berretsi zuenez: "Hasten ari garen taldeak gara denak; bada, nahiz eta lehiaketa bat izan, lagunak egitera eta bata bestea sostengatzera gatoz". Ikus-entzunezko lantalde zabala ere ilusioarekin, hilabeteetan landutako proiektua egikaritzeko. 21:30ak heldu zirenean, Danbakako aurkezle Jokin Bereziartuak parte hartzaileei, babesleei eta publikoari eskerrak eta ongietorria eman ondoren, hiru ordu gehiago iraungo zuen musika-dastaketari hasiera eman zion.
Korda Rota, Ktarsia, Sotoalde eta Malko taldeak lehiatu ziren lehen gauean
Gogorretik, gozoagora
Lehiaketa bat dela ahaztu barik, urduri ekin zioten Korda Rota taldekoek, baina ez zituzten nerbioak traba izan zuzeneko oso txukuna egiteko. Eskandinaviako rocketik asko, baina bestelako nahasketa gehiago zituzten zortzi kantu eskaini zituzten. Publikoak ondo erantzun zuen gerturatzeko eskatu ahala pau- soa aurrera emanda, nahiz eta lotsati samar zeuden oraindik.
Orain dela bi urteko Danbakan egon zenak izan zuen Ktarsia ezagutzeko aukera. Kide berriak batu dituzte, lau dira orain. Oraindik bidea dute egiteko, baina osagai onak dituzte, bi ahotsek duten elkarrekin josteko trebetasuna itzela da. Bukatutakoan kontatu moduan, "ondo pasatzera" joan ziren eta publikoak ere hala egin zuen.
Kalekoa eta rock indartsua
Hamaika salto eta lasterketa egin zituzten Sotoaldekoek se- gidan, baina "gozatu ederra hartuta", emanaldiaren ostean zioten moduan. Lagun asko zituzten aurrean, eta, haiekin jolastuta eta, orokorrean, publikoa xaxatuta, herrian ezagunak diren hitzak abestu zituzten musika urbanoaren estiloaren aterki zabaleko melodien gainean.
Malko taldeak ibilbide luzea ez badu ere, eskarmentua du, eta horren erakusle izan zen gauari bukaera eman zion kontzertua, erritmo azkarrak eta momentu lasaiagoak jota. Bukaeran eztanda egin zuten publikora salto eginda: "Arriskua hartu dugu, baina gure kontzertuetako bukaerak hala dira".
Publikoaren harrera ona izan zuen egubakoitzean estreinatu zen seigarren Danbaka musika lehiaketak
Pantailan ere ikusgai
Azaroaren 7an hasita, eguenero, bi kontzertu izango dira Goiena telebistan ikusgai, 21:00etan eta 23:00etan, eta hurrengo egunean Goiena.eus atarian. Horrez gainera, Danbakast bideopodcasta abian da: eguenetan 20:00etan eta 22:00etan eskainiko da kapitulu berri bat, eta ondoren, Goiena.euseta Danbaka.eus atarietan eta Spotify plataforman.