Irizar jauregiko aretoa lepo bete zen atzo, egubakoitza, Bergarako besarkadari buruzko hitzaldia entzuteko. Bergararako besarkadaz gain, aurrez egondako beste bake saio batzuei buruz ere aritu zen Alberdi. "Izan ere, gerra hasieratik, hainbat proposamen egon ziren bakea lortzeko. Ezagunena Muinagorrirena da, Bakea eta foruak izenpean 1838an egindakoa. Hor ikusten da Bergarako hitzarmenean agertuko den gai nagusiena, hain justu, foruak banantzea Karlos V.aren eskubideetatik. Hau da, karlistak borrokatu ziren Karlos V.a errege izateko, baina baita foruen alde ere. Beraz, ikusi zuten irteera izan zitekeela foruak eta Karlos bereiztea. Azken finean, hori izan zen Bergarako besarkadan landu zuten gaia".
Aurrez, karlisten artean ere liskarrak zeudela nabarmendu du eta bi talde nagusi bereizi zirela haien artean. "Gero, kanpoko potentzien parte-hartzea ere garrantzitsua izan zen, britainiarrak eta frantziarrak bakearen bide hori bultzatzen aritu baitziren. Horrekin batera, Eugenio Abiranetaren figura ere oso garrantzitsua izan zen. Konspiratzaile bat zen eta hark eragin zituen karlisten arteko liskar asko, dokumentu faltsuak sortuz".
Bergarako besarkada hura 1839ko abuztuaren 31n irudikatu zuten arren, sinadura bi egun lehenago egin zuten, Oñatin, Alberdik baieztatu duenez. "Bergaran ere jakin zuten hori, sekulako festak egin zituztelako. Gero, abuztuaren 31n, Marotoren eta Esparteroren arteko besarkada irudikatu zuten eta hor hasi zuten karlistek armak uztearen prozesua".
Historialariak, bukatzeko, zera nabarmendu du: "Bergaran sinatutakoa ez zen errespetatu eta oso ospe txarra du Bergarako besarkadak. Izan ere, gerora konturatu ziren foru sistema ez zela errespetatu eta herritarrek pentsatu zuten engainatu egin zituztela. Hala ere, 1839ko abuztuaren 31n sekulako poza sentitu zuten euskaldunek, bake hori lortuta".
Hitzaldiek, sekulako arrakasta
Lanbroa Kultura Elkarteko kide Ander Errasti "oso pozik" azaldu da hitzaldi zikloak izan duen harrerarekin. "Batetik, hiru hizlari esanguratsu etorri direlako eta hitzaldiak oso onak izan direlako. Eta, bestetik, hiru saioetan aretoa goraino bete da. Horrekin batera, afariak ere giro onean joan dira".
Maiatzean sortu zuten Lanbroa Kultura Elkartea eta Nafarroako Erresumari buruzko hitzaldi batzuk egin ostean, Kataluniako hauteskundeen egoera aztertzeko saioa ere egin zuten, Josu Tornayrekin. Oraingoan, "Bergararekin oso harreman estua duen ziklo historiko bat" landu dute, Lehen Karlistaldia. "Ilustrazioak, entziklopedismoak eta Elizaren aurkako ideiak talka egiten dute Antzinako Erregimeneko ideiekin, eta horrek guztiak harreman estua izan zuen Bergararekin".
Zikloa bukatu arren, Lehen Karlistaldiarekin lanean jarraituko dutela dio Errastik. "Uste dugu gauzak ikertzeko daudela oraindik eta gustatuko litzaiguke, askotariko eragileen artean, gai honetan sakontzen jarraitzea".
Urriko zikloak izan duen arrakasta ikusita, bestalde, maiatzerako beste hitzaldi ziklo bat prestatuko dute, nahiz eta oraindik ez duten gaia aurreratu.