"Bergarako lagun talde txiki baten desiratik sortu da Lanbroa Kultura Elkartea, euskal kultura, euskal sinboloak, tradizioa eta historia sustatzeko eta hedatzeko. Nondik gatozen ahalik eta ondoen jakitea garrantzitsua da, nora goazen aurreikusteko. Gaiak gizarte ikuspegitik lantzea da gure asmoa, ez, horrenbeste, eztabaida politikoetan sartzea". Ander Errastiren hitzak dira, sortu berri den Lanbroa elkarteko presidentearenak; maiatzaren 3an egin zuten lehenengo saioa, Irizar jauregian, eta aretoa goraino bete zen.
Entzuleei gonbita afarirako
Askotariko gaiak jorratzeko hitzaldiak antolatuko dituzte, eta berezitasun aipagarri bat da hitzaldien ostean afariak egingo dituztela elkarte gastronomikoetan. "Ikusi izan dugu hitzaldiak amaitu ostean galderen tartea motz geratu ohi dela, eta pentsatu dugu afaritxo bat prestatzea hitzaldi-osterako. Hitzaldira datozen herritar guztiak gonbidatuko ditugu elkarteren baten afaltzera. Afaltzeaz gain, nola ez, hitzaldiko edukiaren gainean eztabaidatzeko aukera egongo da. Horrez gain, mahaiaren bueltan hitzaldi edo ekimen berriak antolatzeko ideiak irten daitezke", dio Errastik.
Hurrengo hitzaldia maiatzaren 31n egingo dute, Hauteskundeak Katalunian. Eta orain zer? izenburupean. Josu Tornay izango da hizlaria.
Ez dute uste Elosuko gaztelua nafarra izan zenik
Andoni Larrañaga historia-zale bergararra izan da Lanbroa elkartearen egitaraua estreinatu duena; hitzaldia egin zuen maiatzaren 3an Irizar jauregian, Elosuko gaztelu nafarra. Egia ala mitoa? Beste ikuspuntu bat izenburupean. "Bergararrok beti entzun eta irakurri izan dugu Elosuan gaztelu nafarra egon zela 1200an, Gaztela sartu eta irabazitako gaztelu-zerrenda luze baten ageri delako. Informazio apur horretan sakontzen saiatu arren ez nuen ezer aurkitzen, eta ez nuen ulertzen zergatik. Eskoriatzako Atxorrotxeko gazteluaren inguruan informazio idatzi badago, eta baita informazio arkeologikoa ere, baina Elosuan ezer ez. Hortik tiraka, sorpresa batzuk agertu zaizkit, eta horregatik uste dut Elosuko gaztelua beste ikuspuntu batetik ere aztertu behar dugula", adierazi du Larrañagak.
Sorpresa aipagarriena Felipe II.aren kronista izan zen Esteban Garibai arrasatearraren akats bati egotzi dio Larrañagak: "XVI. mendean Garibaik 40 bat liburu idatziko zituen orduko historia jasotzen dutenak, eta idatzi horietan, besteak beste, aipatu zuen Elosuan gaztelu nafar bat egon zela. Baina hanka-sartzea da, egungo Zaldibia eta Albatzisketa artean dagoen Ausa izeneko gaztelu bat nahastu zuen-eta Elosuarekin. Ausa idatzita egon arren denboraren poderioz hitzekin aldaketak izan zirela eta Elosua zela esan zuen; Garibai ospe handiko historialaria zenez, haren ostean etorri zirenek akats hori errepikatu zuten... gaur egunera arte".
"Indusketa sakona" behar
Harago ere badoa Larrañaga, eta dio, besteak beste, Arrasateko Goikobalu gaztelua ere ez zela nafarra izan: "Gaztelaren konkistan ze gaztelu nafar agertzen ziren ikertu dut, eta Elosukoa ez dago zerrendan, ezta Arrasatekoa ere; gainera, bikoiztasun bat dago Aizorrotz eta Aitzorrotz artean, eta hori ere akats bat da, gaztelu nafar bakarra delako. Arkeologia ikuspegitik garatu nahi izan dut ikerketa, eta, tamalez, Elosuan bi lan arkeologiko egin dira, baina oso arinak. Nire hipotesia da ez zela gaztelu nafarra izan, baina ezingo dugu ziur jakin han indusketa lan sakona egin arte".