Egubakoitzean, urriaren 25ean, hasiko da Danbaka Musika Lehiaketaren seigarren edizioa, eta lau talde igoko dira Bergarako Seminarixoko oholtzara, han egingo baitira kontzertuak: Korda Rota (Arrasate-Antzuola), Ktarsia (Bergara), Sotoalde (Bergara) eta Malko (Oñati). 21:30ean hasiko dira emanaldiak, baina, aurrez, 20:00etatik aurrera, DJ Joe Pieman arituko da musika jartzen Seminarixoko atarian.
Hain justu, gaur egin dute lehiaketaren aurkezpena, eta Jokin Bereziartuak, Danbakako koordinatzaileak, adierazi du "ilusioz beteta eta oso gogotsu" daudela: "Duela urte bi bezala, eta Elgetan egin ziren edizioetan bezala, erronka jarri genien bertako musika sortzaileei, eta aise gainditu dute: 24 musika proposamen aurkeztu dira Danbakan parte hartzeko, eta hamaseik izango dute horretarako aukera". Maite Usabiagak, Bergarako Udaleko Kultura zinegotziak, berriz, azpimarratu du Danbaka bigarren aldiz Bergaran egin ahal izatea "ohore bat" dela, "pozik egoteko arrazoi bat: Bergarako herriari Danbakak eskaintzen dio gaur egun musika arloan egosten den sortzaileei azken joerak bertatik bertara ikusi eta entzutea".
Hamasei talde, lau saiotan
Bereziartuak iragarri bezala, hamasei talde arituko dira, horrenbestez, lehiaketaren aurtengo edizioan: datorren egubakoitzeko lau taldeez gain, beste hamabi: azaroaren 15ean, Eten (Aretxabaleta), Low Cost Deluxe (Bergara), Rebel Noise (Arrasate) eta K-Po (Bergara) taldeak izango dira oholtzan; azaroaren 29an, Del Val (Arrasate), Henko (Oñati), Txerrikumeak (Aretxabaleta) eta Karena (Antzuola); eta azkenik, abenduaren 13an, Banana Shake (Arrasate), Ondare (Arrasate), 721-Gogor Gabiltza (Aretxabaleta) eta Maider Mimi (Aretxabaleta).
Kontzertuak, lau saiotan
Urriak 25: Korda Rota (Arrasate-Antzuola), Ktarsia (Bergara), Sotoalde (Bergara) eta Malko (Oñati).
Azaroak 15: Eten (Aretxabaleta), Low Cost Deluxe (Bergara), Rebel Noise (Arrasate) eta K-Po (Bergara).
Azaroak 29: Del Val (Arrasate), Henko (Oñati), Txerrikumeak (Aretxabaleta) eta Karena (Antzuola).
Abenduak 13: Banana Shake (Arrasate), Ondare (Arrasate), 721-Gogor Gabiltza (Aretxabaleta) eta Maider Mimi (Aretxabaleta).
Finalari dagokionez, urtarrilaren 17an izango da.
Lehiaketara, ordea, 24 talde aurkeztu dira, eta horietatik hamabost aukeratu ditu epaimahaiak –Amaia Arriaran bergararrak, Ainhoa Vitoria arrasatearrak, Sara Alonso aramaioarrak, Julen Narbaiza bergararrak eta Iñigo Ugarte oñatiarrak osatzen dute–, eta hamaseigarrena, berriz, publikoak: 1.300 boto baino gehiago jaso dira, eta Arrasateko Ondare taldeak eskuratu du lehiaketarako txartela.
Saioetako xehetasunak
Kontzertuetarako sarrerak 5 eurotan salduko dira Seminarixoan, baina Goienakideek doan sartzeko aukera izango dute Goienaren aplikazioa erakutsita; ez direnek baina deskargatuta dutenek, berriz, 2 euro ordaindu beharko dituzte. Gainera, areto barruko emanaldiez gain, herritarrek Seminarixoko atarian izango den musika eskaintzaz gozatzeko aukera izango dute, DJak egongo baitira chill out gunean. Taberna zerbitzua ere izango da Sanprubusaren eskutik.
Hala, Danbaka lehiaketarekin, Usabiagak azpimarratu du helburuetako bat dela "musika adierazpen berriak ezagutzeko momentu, eta musikari eta musikazaleek batera disfrutatzeko gune" bilakatzea Bergara; horrenbestez, bergararrei ez ezik gonbita egin die debagoiendarrei ere hara joateko. Bereziartuak, ildo beretik, erantsi du Danbaka "ez dela musika lehiaketa soil bat, baizik eta, musika sortzaileendako euren lana plazaratzeko aukera paregabea, eta musikazaleendako musikaz disfrutatzeko gunea", eta eskerrak eman dizkie, besteak beste, Bergarako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. "Danbaka sekulako ekimena da tokian tokiko kultura sustatzeko; kasu honetan, Debagoieneko musika sortzaileei plataforma ezin hobea eskaintzen diolako", gehitu du Isaac Palenciak, Diputazioko Gazteria eta Kultura Sustapeneko zuzendariak.
'Danbakast' bideopodcasta
Goiena Komunikazio Taldeak jarraipen zabala egingo dio Danbaka Musika Lehiaketari Goiena.eus atarian, Goiena telebistan, Goiena aldizkarian eta Puntua-n: esate baterako, osorik grabatuko dira kontzertuak, eta telebistan eta atari digitalean emango dira. Jarraipen zabalagoa egiteko, ordea, Danbakast bideopodcasta izango da aurten: hilaren 10ean izan zen lehen saioa, eta eguenero ikusi eta entzun ahalko da Goienaren ohiko euskarrietan eta Spotify plataforman. Hainbat tertuliakide eta gonbidatu izango dira saioetan, Danbakaz eta musika arloko kontuez lasai, luze eta zabal hitz egiteko.