Adimen artifiziala geratzeko etorri da. Denbora laburrean gizartearen esparru guztietan sartu da, eta dagoeneko ezinbesteko tresna bihurtu da, alor batzuetan: ikerketan, enpresatan edo medikuntzan, besteak beste. "Jendeak apur bat beldurra dio adimen artifizialari. Gaurko helburua da erakustea benetan zer den: datuen bitartez ikasten dugu parametro batzuk moldatzen, gure buruketa bat ebazteko helburuarekin", esan du Jokin Labaien ikerlariak.
Ikasleak eta erretiratuak
Labaienek, Arrietak, Iruretak eta Lazkanok egin duten Adimen artifiziala: oinarrietatik sorkuntza eta industriara hitzaldira herriko DBHko 3. eta 4 mailetako eta Lanbide Heziketako ikasleak eta irakasleak, eta San Joxepe erretiratuen elkarteko kideak joan dira. Izan ere, adimen artifizialaren gainekoak eta zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren azkenekoak erdigunean ipintzeko bidea dira halako ekintzak.
Alegia, hori da ZTB jardunaldien helburu nagusia: jakintza hori ikasgeletatik, enpresetatik eta ikerkuntza zentroetatik kalera ateratzea. "Ezagutzaren ikasgela bat dira jardunaldiak. Zentroetatik, ikasgeletatik eta enpresetatik kaleratzeko aukera ematen digute. Zientziaren zabalkunderako eta dibulgaziorako baliabide garrantzitsua dira ZTB jardunaldiak", azpimarratu du Bergarako Udaleko zinegotzi Ainhoa Letek.