Tailerrak, hitzaldiak, aurkezpena, erakusketak tailerrak… Horiekin guztiekin egingo dituzte urriaren 21etik azaroaren 16ra bitartean Bergarako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldiak. Bergarako Udalaren, komunitate zientifikoaren, enpresa sektorearen eta hezkuntza erakundeen elkarlanaren fruitua den ekimenak hamargarren aldia izango du aurten. Laboratorium museoan egindako aurkezpenean Ainhoa Lete alkateorde eta museoko zinegotziak azaldu duenez, ZTB jardunaldiak "ezagutza demokratizatzea eta herritar denei modu ulerterrazean eta erakargarrian partekatzeko aukera ematea" dira. Gaineratu du adimen artifiziala izango dela aurten landuko den gai nagusia eta hori gazteendako zein helduendako ekintzekin egingo dutela.
'The Black Box' erakusketa
Aurkezpenean izan dira, besteak bestek, jardunaldiak antolatzen lagundu duten Enpresareko eta Migel Altuna lanbide Heziketako ordezkariak eta The Black Box (Kutxa beltza) erakusketa azpimarratu dute. Bartzelonako Unibertsitatearen eta Enpresare elkartearen lankidetzarekin sortutako erakusketa azaroaren 5ean inauguratu eta otsailaren 16an itxiko dute eta Bergara izango da Euskal Herrian egongo den lehen aldia. Enpresareko Carla Añonek azaldu duenez, The Black Box erakusketa-modulu bat da, eta, adimen artifizialaren bitartez, harekin interaktiboki aritzera eta hari buruz hausnartzera eramaten du: zein eginkizun duen gure munduan, zein aukera handiak dituen, bai eta zeintzuk diren bere arrisku potentzialak ere.
Jardunaldien aurkezpenean, zientziaren dibulgazioan jarri dute arreta bertaratutakoek, izan ere, ZTBren programaren puntu nagusietako bat Hezkuntza Eskaintzan oinarritzen dela esan dute. Hala, gaineratu dute zientziaren alor ezberdinak modu erakargarrian erakutsi nahi dituztela horretarako eskaintza gehitu dutela programaziora.
Egitarau osoa, hemen.