Bergarako frontoiko estalkia abendu hasierarako berritzea espero dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko urr. 16a, 15:25

Bergarako udal pilotalekuko sabaia berritzeko lanak urriaren 7an hasi ziren eta zortzi asteko exekuzio-epea dute aurreikusita. Beraz, dena ondo bidean, abendu hasierarako amaituta egongo dira lanak baina Udalak zuhur jokatu nahi du frontoia berriz erabilgarri noiz egongo den zehazterako orduan. Goitu Eraikuntzak enpresa ari da lanok gauzatzen, ia 340.000 euroko aurrekontuarekin. 

Aurreikuspena da abendu hasierarako frontoia berriro ere erabilgarri egotea baina Udaleko hirigintza arlotik adierazi dute lan delikatua dela eta, gainera, teilatua izatera, klimatologiak asko baldintzatzen duela. Bereziki estalkia berritzea da lanon helburu nagusia baina bestelako lan osagarri batzuk ere egingo dituzte, besteak beste, isolamendu termikoan eta akustikoan hobekuntzak egingo dira. Goitu Eraikuntzak enpresa ari da lanok gauzatzen, ia 340.000 euroko aurrekontuarekin.

Afekzioak eragiteko zenbait neurri

Udal pilotalekuak, pilotaz harago ere, askotariko erabilerak ditu egunerokoan eta ezin da ahaztu eraikinaren gainean etxebizitzak daudela. Bizitza handia duen eraikina izanik Udalak argi zuen berrikuntza bat behar zuela eta lanek eragingo duten afekzioak arintze aldera hartu dituzte neurri batzuk. Batetik, teilatuaren desmuntaia eta berritzea zatika egiten ari dira estalkia osorik kendu gabe hasieratik. Hala, euria egin ezkero, errazago kontrolatu ahalko dute urik ez sartzea. Bestetik, pladurrezko horma bat eraiki dute taberna pilotalekutik banatzeko, obrek iraun artean tabernak ohiko funtzionamendua izan ahal dezan. Eta, hirugarrenik, enpresa eraikitzaileak kanpoko eremuan hasieratik planteatuko okupazio eremuari buelta eman diote Ibargarai kaleko zirkulazioan ez dezan eragin zuzenik izan; hala ere, Udaletik adierazi dute akaso mozketa puntualen bat egiteko beharra egon daitekeela obra bukatu artean.

Pilotariak, Antzuolara, Angiozarrera edo Bolura

Pilota Saila da frontoia gehien erabiltzen duen elkartea. Ulertzen dute obra egiteko beharra dagoela baina diote ez dela haientzat garairik egokiena, nahiago luketela lanok udan egingo balira. Hasiera baten haserretu baziren ere aitortu dute Udalak ondo erantzun dietela egin dituzten eskaerei. Infantil mailatik gorako kategoria guztiek astelehenean Antzuolako frontoia erabiltzen dute eta eguaztenetan Angiozarrera joaten dira; benjamin eta alebin mailako pilotariek, aldiz, Boluko frontoi estalian entrenatzen dute. Partiduak Antzuolan hasi dira jokatzen dagoeneko eta pilota sailekoek esker ona adierazi nahi izan diote Antzuolako Olalde Pilota Elkarteari, beti laguntzeko prest daudelako.

Musika bandaren kontzerturik ez gutxienez abendura arte

Musika banda da frontoia erabiltzen duen herriko beste eragile bat, hilean behin ematen dituzten kontzertuetan 400 lagundik gora erakartzen dituen elkartea. Domeka honetan izango dute hurrengo kontzertua eta asmoa da San Martin plazan jotzea; euria egingo balu, San Pedro elizan joko dute. Azaroko Santa Zeziliaren omenezko kontzertua ere ezingo dute frontoian eskaini eta seguruenik San Pedro elizan joko badute ere, kontzertu bakoitzaren aurretik aztertuko dituzte aukera egokienak. Gabonetako kontzertua abenduaren 21ean da egitekoa eta, beraz, enpresarekin adostutako epea beteko balitz ez litzateke arazorik egongo urteko kontzertu berezienetakoa den hori, ohi moduan, frontoian egiteko.

Amaitzeko, Udaleko hirigintza arlotik esker ona adierazi nahi izan diete frontoiko erabiltzaileei, bertako bizilagunei eta tabernako kudeatzaileei egin dituzten bileratan oso ulerkorrak eta eskuzabalak izan direlako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak