Arizondo Argazkizale Elkarteak antolatutako Bergara Hiria argazki lehiaketaren XXXVII. aldian hamabi argazkilarik hartu dute parte, eta, guztira, 85 argazki jaso dituzte; 43 koloretan eta 42 zuri-beltzean. Antolatzaileek nabarmendu dute gainera, inguruan dagoen lehiaketa bakarrenetarikoa dela argazkiak paperean aurkeztu behar direla, eta horrek, "berezi" egiten duela lehiaketa.
Bi bergarar irabazleen artean
Gai libreari buruzko lehiaketa honetan, hauek izan dira saridunak koloretako kategorian: lehen saria Oskar Mansok gasteiztarrak jaso du Ghost lanarekin; bigarren saria Alex Molano bergararraren Bakea argazkiak lortu du; eta hirugarrena, Irungo Oskar Gaskonen La mirada del opio lanak. Kategoria horretan herriko lan onena izan da Jose Agustin Gurrutxagaren Entre luces.
Zuri-beltzean berriz, hauek jaso dituzte sariak: lehenengoa, Beasaingo Manu Barreiroren Faded lanak; bigarrena, Gasteizko Oskar Mansoren Identidad argazkiak; eta hirugarrena, Irungo Oskar Gaskonen El niño de los mangos lanak. Herriko saria sail honetan, Jose Agustin Gurrutxagaren Ciclista madrugador argazkiak lortu du
Bi kategorietan eskudirutan 210, 180 eta 150 euroko sariak jaso dituzte irabazleek, hurrenez hurren. Eta 120 euroko sariak jaso ditu bergarar onena izan den Gurrutxagak –haren familiakoek jaso dituzte sariak, bera ezin izan baita sari banaketan izan–. Bergarako tostoi eta erreilenoak ere jaso dituzte guztiek opari.
Erakusketa zabalik
Argazkigintzaz gozatzeko aukera dute orain herritarrek, izan ere, argazki lehiaketara aurkeztutako lanez osatutako erakusketa jarri dute ikusgai Aroztegi aretoan. Erakusketa lanegunetan bisita daiteke 18:00etatik 20:30era, zapatutan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era, eta domeketan 12:00etatik 14:00etara.