Bergarari lotutako erabakiak hartzeko baliagarri

Txomin Madina Milikua 2024ko urr. 10a, 16:06

Bergarako egoera sozioekonomikoari buruzko azterketaren emaitzak aurkeztu dituzte herritarren artean. Udal ordezkarien esanetan gazteendako etxebizitzak baldintza “erakargarrietan” eskaintzea eta biztanleriaren zahartzea dira identifikatutako erronketako batzuk.

Atzo iluntzean Bergarako udaletxeko osoko bilkuren aretoan aurkeztu zituzten herritarren aurrean Bergarako egoera sozioekonomikoaren inguruko azterketak utzi dituen emaitzak. "Azterketak Bergarako dinamika demografikoak, ekonomikoak, sozialak… zeintzuk diren erakusten digu. Aspektu horietan herria ezagutzeko garrantzitsua da hori. Azken ikerketa 2019koa zen eta ikusten genuen ordua zela datuak berritzeko", azaldu du udal gobernuko bozeramaile Maite Usabiagak.  

Ikei aholkularitza enpresa izan da apirilean hasita azterketa ondu duena, eta atzoko aurkezpenean hitza hartu zuen Nerea Zalduaren esanetan, bi fasetan egin dute: "Lehenengo fasean udalak zituen plan guztiak aztertu dira, baita iturri ofizialetatik jasotakoak ere. Inkesta bat ere egin dugu herritarren artean telefono eta whatsapp bidez. Bigarren fasean, adituekin osatutako bi lantalde egon dira: arlo ekonomikokoa bat eta sozialekoa bestea. Horietatik, etorkizunera begirako erronkak definitu dira".

Langabezia tasa, etxebizitzak, biztanleriaren zahartzea...

Azterketak utzitako hainbat datu azpimarratu ditu Maite Usabiagak; langabezia tasarekin lotutakoak, esaterako: "Debagoieneko edo Gipuzkoako datuekin alderatuta Bergarakoak hobeak da, %6,9 langabezia tasa dagoelako. Baina, aldi berean,  genero arrakala ere badago eta horrek erronka handia jartzen digu aurrean". Etxebizitzari dagokionez, Usabiagak dio emaitzek erakusten dutela gazteei etxebizitzak "baldintza erakargarrietan" eskaintzean zentratu behar direla.  Biztanleriaren zahartzea da azterketak utzitako beste ondorioetako bat: "Bergararren %24k 65 urtetik gora ditu. Datu esanguratsua da eta hor arreta berezia jarri behar dugu".

Azterketaren emaitzek diote, era berean, herritarrek Bergara bizitoki moduan gustuko duten arren, adinaren arabera badaudela ñabardurak. "Datuak pozgarriak dira, orokorrean erakusten dutelako herritarrak Bergaran pozik bizi direla eta etorkizunean ere bertan ikusten dutelako euren burua. Gazteen artean galdetuta, baina, erantzuna ez da hain garbia; batzuek diote ez dutela argi Bergaran biziko diren. Horrek hainbat irakurketa ditu. Izan daiteke izatea ez zaielako herri eroso bat iruditzen, zerbitzu falta dagoelako. Izan daiteke baita ere oraindik ere haien bizitza proiektua finkatu gabe dutelako edo etorkizuna oso irekita ikusten dutelako", azaltzen du Usabiagak.

Herritarrei bakarrik ez, Bergarako Udaleko departamentu eta zerbitzu guztietako langileei ere aurkeztu zaizkie azterketaren emaitzak, Usabiagaren esanetan era batera edo bestera denei eragiten dietelako. Orain, emaitzak lasai aztertu eta horren araberako erabakiak hartzeko ordua dela gaineratu du.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak