Udaleko ordezkariek eta Ikei enpresako arduradunek Bergarako egoera sozioekonomikoaren gaineko ikerketak emandako emaitzak aurkeztu zituzten eguaztenean udaletxean egindako aurkezpen publikoan. 2024ko uztailean egin zen ikerketa, eta 2013tik 2023ra arteko dinamika demografiko, ekonomiko eta sozialen "diagnostiko zehatza" eskaintzen du. Helburua izan da, eguaztenean azaldu zutenez, Bergararen azken aldiko bilakaeraren "ikuspegi osoa" ematea, bai eta etorkizunerako esku hartzeko "funtsezko arloak" identifikatzea ere.
Erronka demografikoari begira
Ikei enpresaren txosteneko datu esanguratsuenen artean dago Bergarako biztanleriaren beherakada eta zahartzea. 2023an, Bergarak 14.739 biztanle zituen, hau da, 2013an baino %1,4 gutxiago, eta 209 biztanle galdu ziren. Eta biztanleriaren zahartzearen "joera argiari" dagokionez, 65 urtetik gorakoak biztanleriaren %24,2 ziren Bergaran 2023an, eta 2013an, berriz, %21,4 ziren. Adin nagusieneko biztanleriaren hazkunde hori 20 urtetik beherako gazteen kopuruaren murrizketarekin lotuta dago: "Erronka handiak ditugu herriaren etorkizunerako, gizarte zerbitzuei, osasunari eta hiri plangintzari dagokienez". Hain zuzen ere, eguneko zentroetako eta adinekoen egoitzetako plazen eskaerek goranzko joera erakutsi dute azken hamarkadan.
Kualifikazio falta: langabetuen %51,4k bigarren mailako edo beheragoko ikasketak dituzte bakarrik
"Adierazle onak" enpleguan
Bestalde, enpleguari erreparatuta, Bergaran "aldeko adierazleak" daudela azpimarratu zuten; langabezia tasa % 6,9koa izan zen 2023an, eskualdeko batez bestekoa (%7,5) eta Gipuzkoakoa (%8,1) baino txikiagoa: "Joera hori ikusten da bai biztanleria osoan, bai emakumeen kolektiboan, nahiz eta ikusten den genero arrakala egon badagoela". Hala ere, badago datu kezkagarri bat: langabeen %51,4k bigarren mailako edo beheragoko ikasketak baino ez dituzte: "Erronka argia dugu biztanleria aktiboaren kualifikazioa hobetzeko".
Zerbitzuen sektorea – merkataritza, garraioa eta ostalaritza barne– establezimenduen %35,1 da, biztanleria aktiboaren %60 inguru enplegatuta: "Zerbitzuen sektorearen pisua handiagoa da industriarena baino enpleguari dagokionez, baina industria da oraindik ere kapital ekonomiko gehien sorrarazten duen sektorea". 2023an, jarduera ekonomikoa zuten 974 establezimendu zituen udalerriak, eta horiek 5.968 pertsonari ematen zieten lana.